Gizartea -
Gaixotasunak
MOEk ez du tximino-baztangaren aurkako txertaketa masiborik gomendatzen
"Harremanen jarraipena, kasuen azterketa eta isolamendua dira oraingoz eritasuna kontrolatzeko tresna nagusiak", adierazi du Rosamund Lewis MOEko baztanga alorreko kideak.
Agentziak | EiTB Media
Munduko Osasun Erakundeak (MOE) ez du lehentasun bat ikusten tximino-baztangaren aurkako txertaketa masiboak aurrera eramatea. Gaixotasunaren ia 200 kasu atzeman dituzte herrialde ez endemikoetan, erakundeko adituek gaur azaldu dutenez.
"Harremanen jarraipena, kasuen azterketa eta isolamendua dira oraingoz eritasuna kontrolatzeko tresna nagusiak", adierazi du Rosamund Lewis MOEko baztanga alorreko kideak. Agerraldiaren inguruko saio teknikoa egin du erakundeak, urteko batzarraren markoan.
Mike Ryan MOEko Osasun Larrialdien zuzendariak erantsi duenez, "litekeena da, herrialde bakoitzak txerto kopuru txiki bat behar izatea, ez mordo bat".
Txertoa jaso beharko luketen kolektiboei dagokionez, nahiz eta egoeraren aurrean estatu bakoitzak bere arau propioak ezarri ahal izan, laborategi, osasun eta lehen sorospeneko langileak txertatzeko gomendioa eman dute 2013tik, birus mota honen aurrean.
Baztanga arruntaren aurkako txertoa oso eraginkorra da, baina munduan biltegiratutako dosien daturik ez daukala onartu du MOEk, eta herrialdeei informazioa eskatu die. Baztanga arrunta eritasun larriagoa da, baina 1978tik desagertuta dago.
Aldi berean, tximino-baztangaren kontrako txerto modernoago bat onartu dute AEBko eta Kanadako osasun agintariek, baina oraindik MOEk ez du aztertu, Lewisek azpimarratu duenez.
Bestalde, Sylvie Briand MOEko Gaixotasun Epidemiko eta Pandemikoen zuzendariak esan du, erakundeak oraingoz bidaiak mugatzeko gomendioa ematea baztertu duela.
Ekainaren 2an eta 3an 2.000 aditu baino gehiagok tximino-baztanga agerraldia aztertuko dute saio batean, baita proba, tratamendu eta txertoen bidez birusari aurre egitea ere.
Gaurko saio teknikoan ez dute herrialde bakoitzaren kasuen berri eman; hala ere, Espainia, Portugal, Erresuma Batua, Kanada eta AEBk oraingoz positibo gehien baieztatu dituzte.
Brianden hitzetan, gaixotasunak "ez du publiko orokorra kezkatu behar, beste batzuekin alderatuta, esaterako, covidarekin". Beraz, ez du urduritasuna eragin behar, baina zaintza areagotzeko beharra onartu du.
Herrialde endemikoetan (Afrikako mendebaldea eta erdialdea) hilkortasun tasa % 3-6 ingurukoa dela gogorarazi du adituak: "Oro har, sintoma moderatuak dituen gaixotasuna da, baina umeetan, haurdunetan edo pertsona zaurgarrietan larriagoa izan daiteke".
Gehienetan bi-hiru asteko iraupena du, eta sukarrarekin, buruko min, neke edo azkurarekin hasi ohi da, eta sarritan aurpegiko negelarekin amaitzen da, baina legena gorputzeko beste toki batzuetan agertu daiteke, gogorarazi du Briandek.
Prebentzio neurri bezala, kutsatuekin harreman fisikoa saihestu, harreman horietan musukoa eramatea eta garbitzea eta desinfektatzea gomendatzen du MOEk.