Gizartea -
Tabakorik Gabeko Eguna
Udatik aurrera kerik gabeko 144 eremu izango dira EAEn
Maiatzaren 31n Tabakorik Gabeko Munduko Eguna izango dela eta, Osasun Sailak foru aldundi eta udalekin batera, Kerik Gabeko Guneen Sarea indartu du. Norberaren eta gertukoen osasuna zaintzeko "gonbidapena" da ekimena.
O. P. | EITB Media
Datorren asteartean, maiatzak 31, Tabakorik Gabeko Mundu Eguna ospatuko da eta Osasun Sailak, foru aldundiekin eta udalekin batera, Euskadiko Kerik Gabeko Guneen Sarearen sustapena areagotu du, bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko eta ingurumena ke eta zigarrokinen kutsaduratik babesteko eremuak sortzea helburu duen ekimena.
Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Itziar Larizgoitiarekin batera eskainitako prentsaurrekoan, gogorarazi du tabakoaren kontsumoa dela munduan saihestu daitekeen lehen heriotza-kausa, eta nabarmendu du tabakismoa, norberarentzat ez ezik, kearen eraginpean dauden ororentzat ere mehatxu dela.
Beraz, tabakoaren adikzioaren inguruko kontzientziazio-lan horretan, iaz esperientzia pilotu gisa kerik gabeko 7 gune jarri ziren martxan eta, Larizgoitziaren arabera, "oso esperientzia positiboa" izan zen. Aurten, lan horretan sakondu eta, 41 udalerritan, 144 espazio izatera igaroko dira, hala nola hondartzetan, eskola-inguruneetan, haur-parkeetan, plazetan edo kirol-inguruneetan.
Oraingoz, Araban kerik gabeko 6 gune egongo dira 4 udalerritan; Bizkaian 126 gune izango dira 24 udalerritan, eta Gipuzkoan gutxienez 12 espazio 13 udalerritan (oraindik zehaztu gabeko espazioak daude).
144 gune horietatik, kerik gabeko 16 hondartzak seinaleztatuko dira lehenik: 1 Araban, 10 Bizkaian eta 5 Gipuzkoan.
Kerik Gabeko Guneen Sare hori handituz joango da pixkanaka, udalerriak edo mankomunitate sarera gehitu ahala.
Sailburuak argitu duenez, sarean dauden gune hauetan ez dago tabakoaren edo ordezko produktuen kontsumoa debekatzen duen legerik, eta, beraz, ez dira neurri hertsatzaileak edo zigorrak, "gonbidapena" baizik, herritarrei beren osasunean eta osasun kolektiboan pentsatzeko.
Horregatik, Tabakorik Gabeko Munduko Egunarekin bat eginez, Osasun Sailak konpromiso irmoa hartu du tabakoaren eta nikotinaren arriskuei buruzko informazio- eta sentsibilizazio-lana sustatzeko politikak indartzen jarraitzeko eta jokabide osasungarriak sustatzeko, tabakoaren kearen kontsumoa eta herritarren esposizioa murrizteko.
Era berean, Osasun Sailaren webgunean atal berezia du sare honek. Webgune horretan, kanpainaren edukiak eta irudia, parte hartu duten udalerrien zerrenda eta sareko gune geolokalizatuak eta Kerik gabeko Euskadi estrategiari buruzko informazio orokorra aurkitu ahal izango dira.
Erretzeari uzteko laguntza
Iaz (2021) 4.929 pertsonak hasi zuten tabakoa uzteko tratamendua; horietatik % 58k 45 eta 64 urte bitartean zituzten. 2019an 2.059 izan ziren tratamendua hasi zutenak. Hala, % 139 igo da erretzeari uzteko tratamendua hasi dutenak, bi urtean ia bikoiztu egin da.
Osakidetzak hainbat kanal ditu erretzeari uzten laguntzeko. Taldeko online tratamendua eta APP bidezko tratamendu konbinatua dira gehien erabiltzen ari diren tresnak. Webgune honetan dago bide horiei buruzko informazio guztia.