Gizartea -
MEMORIA HISTORIKOA
2.900 gorpuzkin deshobiratu dituzte Begoñako hilerriko indusketetan, eta beste 2.100 inguru falta dira
Aranzadi Zientzia Elkarteak hasiera batean aurreikusi zuen 1.000 inguru izango zirela. Aurreikuspenak nabarmen gainditu direnez, Bilboko Udalak 570.000 euro gehiago bideratuko ditu gorpuzkiak berreskuratzeko "Begoñako argia" proiektura.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Aranzadi Zientzia Elkartea Begoñako hilerrian egiten ari diren indusketetan dagoeneko 2.900 gorpuzkin atera dituzte eta oraindik beste 2.100 inguru desobiratzea espero dute. Aranzadik hilerriko erregistroak eta artxiboko informazioa (planoa) aintzat hartuta hasieran egindako kalkuluetan, 1.000 inguru izango zirela aurreikusi zuen. Datuek erakusten duten moduan, aurreikuspenak nabarmen gainditu dira.
Gaur goizean Bilboko Udalean egindako prentsa agerraldian, Begoñako Argia proiektuaren inguruko xehetasunak eman dituzte Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotziak, Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak eta Anartz Ormaza Aranzadi elkarteko kide eta Begoñako Argia proiektuaren koordinatzaileak.
2021eko urrian abiatu zen lehendabiziko fasean, 2.926 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dituzte. Gainera, hilabete horietan lau hobi komun aurkitu dituzte: orain arte Euskadin topatutako Gerra Zibileko hobi komun handiena, karlistaden garaiko hobi komun bat, XIX. mende amaierako hobi komun bat, segur aski kolerarekin lotura duena; eta XIX. mende hasierako beste hobi komun bat. Karlistaden garaiko eta Gerra Zibileko hobi komunetatik 46na gorpuzki atera dituzte. XIX. mende hasierakoan, ostera, 60 inguru eta bertan topatutako materiala aztertzen ari dira informazio gehiago izateko.
Lehen fasea amaituta, datozen hilabeteetan lurretik giza hezurrak ateratzen jarraituko du Aranzadik. Horretarako, ordea, inguru horretako 30-40 zuhaitz inguru bota beharko dituzte. Gerora, espezie autoktonoekin ordezkatuko dituzte.
Bisita gidatuak
Ekainean eta uztailean indusketa lanak bertatik bertara jarraitu ahal izateko bisita gidatuak antolatuko dituzte. Itxura guztien arabera, heldu den astean jakinaraziko dute noiz egingo diren eta non eman beharko den aldez aurretik izena.