Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Erkorekak baieztatu du Ertzaintza Latinoamerikako poliziekin elkarlanean ari dela Bilboko heriotzen auzian
Segurtasun sailburuak azaldu duenez, hainbat gizonen heriotzekin lotuta atxilotutako gizona "Iberoamerikako herrialde batekoa da, eta aurretik delituzko ibilbiderik izan duen jakin behar da", gertatutakoa argitu ahal izateko.
Mikel Dominguez | EITB Media
Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak Radio Euskadin baieztatu duenez, Ertzaintza Estatuko eta atzerriko beste polizia batzuekin lan egiten ari da, tartean Latinoamerikako poliziekin, Bilboko hainbat gizonen heriotzaren auzian. Atxilotua "Iberoamerikako herrialde batekoa da, eta aurretik delituzko ibilbiderik izan duen jakin behar da", azaldu du Erkorekak, eta ikerketa aurrera doala ziurtatu du, polizien arteko lankidetza horri esker.
Sailburuak Legebiltzarreko batzordean azaldu zuenez, "ekarpen publiko gutxi egin daiteke", sumarioaren sekretua dela eta, diskrezioa eskatu du. "Ikerketak aurrera egiten du eta polizien arteko lankidetzak fruituak ematen ditu", gehitu du.
Bilbon egin zen saskibaloiko Lauko Finalaren segurtasun-dispositiboari dagokionez, Erkorekak esan du Ertzaintzak "nahiko ondo itzali" zituela astean zehar izan hainbat borroka saio, eta igandean "3 minutu" baino ez zutela iraun istiluek, Ertzaintza bertaratu zenean konpondu baitziren. Sailburuaren ustez, Bizkaiko hiriburuan gertatutakoa ezin da alderatu Sevillan, futboleko Europa Ligako finalean, gertatutakoekin, Edozein kasutan "ekitaldi handiak munduko polizia guztientzako erronka dira".
Erkorekak ez du zuzenean baloratu nahi izan Bilboko Udaltzaingoaren eta Udaleko arduradunen arteko gatazka, "ordutegien banaketaren arazoa" baita, baina Juan Mari Aburto alkatearekin ados dagoela esan du, Polizia Internet bidez gertatzen diren delitu modalitate berrietara "egokitu" behar delako ideian.
Sailburuak azaldu duenez, pandemiak baldintzatutako bi urteren ondoren, delituen kopurua "normaltasunera" itzultzen ari da, nahiz eta denbora tarte handiagoa behar den eboluziorik dagoen jakiteko.