Gizartea -
Soziolinguistika klusterra
Euskararen erabilera "gaztetu" egin da
2021eko hizkuntzen erabileraren kale-neurketaren emaitzen berri eman dute. Txostenaren arabera, euskarak adin piramidea iraultzea lortu du: haurrak eta gazteak dira euskara gehien darabiltenak, eta helduak eta adinekoak gutxien. Hala ere, kaleetan, euskaraz ari da zortzi lagunetatik bat.
Eriz Lotina | EiTB Media
Azken lau hamarkadatan, euskararen transmisioa asko zabaldu da. Besteak beste, eskolaren bidez euskaldundu dira milaka ume eta gazte. Biztanleen adin-piramideari erreparatuz, gizartea zahartuz doan honetan, euskararen erabilera "gaztetu" egin dela esan daitekeela ondorioztatu du Soziolinguistika Klusterrak txosten batean.
Euskara biziberritzeko ikerguneak Euskal Herriko 2021eko hizkuntzen erabileraren kale-neurketaren emaitzen berri eman du. 1989tik egiten den ikerketaren zortzigarren edizioa da. Euskal Herri osoan 336 neurtzaile profesionalek jardun dute datuak biltzen, eta 145 udalerritan jaso dira datuak.
Txostenaren arabera, euskarak adin piramidea iraultzea lortu du: haurrak eta gazteak dira euskara gehien darabiltenak, eta helduak eta adinekoak gutxien.
Egileen ustez, hurrenkera hori aldatu izana "lorpen sozial handia" da. Izan ere, munduko eta Europako hizkuntza gutxitu gehienetan galera prozesuaren hurrenkera mantentzen da, batez ere erabileran: adinekoek erabiltzen dute gehien eta gazteenek gutxien. Hori dela-eta, kualitatiboki, biziberritzerako "egoerarik mesedegarrienean" aurkitzen da euskara belaunaldien arabera.
1989tik aurrera, euskararen kale-erabilerak gora egin du adin-tarte guztietan (bereziki, haurrenak eta gazteenak), adinekoen salbuespenarekin. Gazteek (25-44 urte) euskara gehiago darabilte heldu nagusiek baino (45-64 urte). Lurralde guztietan, haurrek hitz egiten dute gehien euskaraz, eta gutxien adinekoek.
Nagusien erabilera bikoiztea edo hirukoiztea dakar haurrak solaskide izateak, lurralde guztietan. Haurren arteko elkarrizketetan, aurreko joera negatiboa aldatuz, gora egin du euskararen erabilerak azken bost urtean.
Guraso izateak askotan dakar euskararekiko kontzientzia eta praktika indartzea, eta haurrekin euskaraz aritzea. Indarrean dago haurren eta helduen arteko solasaldietan euskaraz egitera bultzatzen duen arau soziala.
Euskal Herriko kaleetan, euskaraz ari da zortzi lagunetatik bat
Hala ere, Euskal Herriko kaleetan, euskaraz ari da zortzi lagunetatik bat soilik, Hego Euskal Herriko kaleetan gertatzen diren elkarrizketa gehienak gaztelaniazkoak dira eta Ipar Euskal Herrian frantsesezkoak.
Beraz, euskarazko elkarrizketak gutxiengo nabarmena dira. Euskara hizkuntza minoritarioa da, gutxiengoak darabilena; baina, batez ere, minorizatua edo gutxitua da, txostenak azpimarratu duenez.
Gauzak horrela, euskara egoera zaurgarrian dagoela ebatzi du. Bere lurraldean gutxiengo batek bakarrik menderatzen du euskara. Hala ere, euskararen presentziak ez du aldaketa nabarmenik izan; ez da presentziarik galdu kalean.
Gipuzkoan hitz egiten da gehien (% 31); hurrengo postuan kokatzen da Bizkaia, % 9ko erabilerarekin; eta % 5-6 inguruko erabilera-maila dago Araban, Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian. Beste hizkuntzak, berriz, Arabako kaleetan hitz egiten dira gehien (% 4,6), euskararen erabilera mailaren pare.
Eremurik euskaldunenean, kale-erabileraren jaitsiera
Azken bost urteetan, eremurik euskaldunenean nabarmentzen da euskararen kale-erabileraren jaitsiera. Ezagutza gehiagoko eremuetan (Nafarroa Beherea eta Zuberoa) behera egin du euskararen kale erabilerak, 2011ko mailara itzuliz.
Donostian, euskararen kale-erabilera % 15,3koa da, eta gainerako hiriburuetan % 2,5-4 artean dago. Aipagarria da, hiriburuen hurrenkeran, Gasteiz bigarren postuan kokatu izana. Araba dela erabilera baxuena duen lurraldea. Azken hamar urteotan, gora egin du euskararen kale-erabilerak Gasteizen.
Duela hogeita hamar urte euskaldunak % 75 baino gutxiago ziren udalerrietan egin du gora euskararen kale-erabilerak 1993tik. Eremu erdaldunena euskaldunduz joan den bitartean, eremu euskaldunena erdaldunduz joan da.
Nabarmentzekoa da eremu erdaldunean, alegia, duela hamarkada batzuk euskararik entzuten ez zen hainbat lekutan, euskararen erabilera hazi egin dela. Hala ere, hirigune handietan eta beste zenbait eremu geografikotan erabilera oso baxua da. Gainera, eremu euskaldunenean erabilerak behera egin du. Herri ertain eta txikiak dira eremu honetakoak.
Atzerritarrak eta beste hizkuntzen presentzia
Jatorri atzerritarreko biztanleei dagokionez, kontuan izan behar da azken 20 urteetan biztanlerian duten pisua hirukoiztu egin dela Nafarroan eta laukoiztu EAEn. Gaur egun, Hego Euskal Herriko lurraldeetako biztanlerian duten pisua % 10 eta % 16 bitartekoa da. Jatorri atzerritarreko biztanleria hazi arren, beste hizkuntzen erabileraren datua maila berean mantentzen da.
Hiriburuetan nabarmentzen da beste hizkuntzen presentzia. Baionako, Gasteizko eta Bilboko kaleetan euskara, gaztelania eta frantsesa ez diren beste hizkuntzen erabilera euskararena baino altuagoa da.