Gizartea -
Tximino-baztanga
Eusko Jaurlaritzak ziurtatu du ez dagoela baieztatutako tximino-baztanga kasurik Euskadin
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak baieztatu du Madrilen aztertzen ari diren kasuren bat dagoela, baina aurreratu du "kasuren bat dagoela baieztatzen ez den bitartean" Jaurlaritzak ez duela "nahasmena eragin" dezakeen iragarpenik egingo.
Agentziak | EITB Media
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gauz azaldu duenez, une honetan ez dago Euskal Autonomia Erkidegoan baieztatutako tximino-baztanga kasurik, nahiz eta Osakidetzan artatutako kasu posible bat Madrilen aztertzen ari diren.
Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Osakidetzak joan den ostiralean identifikatu zuen tximino baztangak eragindako infekzio-kasu susmagarriari buruz galdetu diote bozeramaileari. Patologia horrekin bateragarriak diren sintomak nabaritzen hasi zen pertsona hura bidaia batetik bueltan.
Zupiriak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluaren bileraren amaieran, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakinarazi du Sailak baieztatzen diren kasuak agertzen direnean soilik hitz egingo duela gai honen inguruan.
"Une honetan, Euskal Autonomia Erkidegoan ez da egiaztatu gaixotasun horren eraginpean egon daitekeen kasurik. Egia da kasuren bat aztertzen ari direla Madrilgo institutu zentralean, baina kasuren bat dagoela baieztatzen ez den bitartean, ez dugu nahasmena eragin dezakeen iragarpenik egingo", esan du.