Gizartea -

OSASUN ALARMA

Felix Zubia: "Zalaparta sortu da tximino baztangaren inguruan, baina honek ez du pandemia bat sortuko"

Koronabirusaren pandemiak gizartean utzi duen beldur edo errezeloari egotzi dio gai honek hartu duen dimentsioa Donostia Ospitaleko ZIU buruak baina argi du gehiago duela "zalapartatik" benetako arriskutik baino.

Felix Zubia, Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburua. Artxiboko argazkia: EITB Media
Felix Zubia, Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburua. Artxiboko argazkia: EITB Media
Felix Zubia, Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburua. Artxiboko argazkia: EITB Media

play icon 27:23

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren pandemia "kontrolatze bidean" dagoela dirudien honetan, beste birus batek sortu du zalaparta aste honetan. Tximino baztanga delakoaren 80 kasu inguru atzeman omen dira munduan, Afrikatik, jatorrizko herrialdetik, kanpo, eta herritar askorengan beste pandemia baten mamua piztu da. Felix Zubia Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitateko zerbitzuburuak lasaitasunerako mezu argia eman nahi izan du gaur Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan. Ez diola kezkarik sortzen esan du eta hau ez dela "jende guztia dantzan jartzeko zerbait".

Zubiak uste du covid-19arekin bizi izan dugunarekin, sentikorrago gaudela eta bere iritziz, "berez behar ez lukeen zalaparta bat sortu da. Osasun Publikoko arazo bat da, osasun langileok eta publikoaren osasuna zaintzen dutenak arduratu beharreko zerbait", baina ez da alarma piztekoa: "Herritarrak informatu bai, baina honek ez du pandemia bat sortuko, honek ez du izugarrizko kasu piloa sortuko, gaitza kontrolatu daiteke eta egiten ez bada, gauzak gaizki egin diren seinale".

"Pandemiaren aurretik ere iristen zitzaizkigun horrelako alarmak eta ondoren ere iritsiko zaizkigu" azaldu du medikuak. Izan ere, "gaixotasun bat bere ingurutik irteten denean eta ohi baino kasu gehiago agertzen direnean, horrelako oharrak ematera derrigortuta daude osasun agintariak eta osasun langileok adi egon behar dugu baina hori da dimentsioa".

Gaixotasuna ez zuela ezagutzen eta aste honetan ikasi dituela haren gorabeherak kontatu du Zubiak. Hala, gaitzaren nondik norakoak ezagututa, ez dela larria azaldu du: "Tximino baztanga edo nafarreria ez da berez baztangaren agerpen berri bat, bi gaitz ezberdin dira. Hau zoonosi bat da, karraskarietan bizi den birus bat da (xagu, arratoi eta antzerakoak...) Afrikako inguru batzuetan endemikoa dena, xagu eta horietan mantentzen da. Animalia horiekin kontaktua izatean iristen da pertsonengana eta sortzen duen gaitzak badu antzekotasun bat baztangarekin, azalean sortzen dituen anpuluengatik, eta hortik datorkio izena, baina badira bestelako gaitzak ere, guk gaixotasun exantematosoak deitzen diogunak, azalari eragiten diotenak. Tximino baztangak, alde batetik, sukarrra, ondoeza eta gerriko mina edo giharretako mina ematen ditu eta, gero, berezi egiten duen erupzio hori. Hau burutik oinetara zabaltzen da, goitik hasi eta beherantz doa. Konkortxo batzuk sortzen dira, gero konkortxo horiek lehertu eta likidoa botatzen dute eta hau lehortu eta sendatu egiten da, eta hori da gaitzaren bilakaera. Duen berezitasuna da esku ahur eta hanka azpian ere agertzen dela erupzio hori, hori beste gaixotasunek ez dute egiten. Ez da larria, normalean larruazalari bakarrik eragiten dio eta ez da barrura pasatzen eta bere horretan geratzen da. Immunitate arazoak dituztenek bakarrik izango lukete arriskua, defentsarik ezean, gorputza birusa kontrolatzeko gai ez bada".

Gaixotasuna larria ez izateaz gain, Donostiako ZIUko buruak uste du erraz kontrolatu daitekeela, Osasun Publikoko protokoloak aplikatuz: "Bere transmisioa pertsonatik pertsonara nahiko zaila da, harreman estua behar da. Kutsatzea batez ere gertatzen da lesio horiek ukitzean, anpuluak husten direnean ateratzen den likido horrek dauka birus gehien. Sexu harremanen bidez ere kutsa daiteke. Gauzak ondo eginda, pertsona horiek isolatu egin behar dira eta oso garrantzitsua da euren ingurukoei eta kontaktua izan diren pertsona guztiei jarraipena egitea".

"Kasu honetan zergatik sortu da alarma? Jarraipenik ezin delako egin, jarraipena egiten asmatu gabe agertu dira kasuak.

"Kasu honetan zergatik sortu da alarma? Jarraipenik ezin delako egin, jarraipena egiten asmatu gabe agertu dira kasuak. Berez kasuak Afrikan agertzen dira eta kontua da hemen kasuak agertu direla Afrikan izan gabe eta transmisioa katea nola izan den ez dela ezagutzen. Ezjakintasun horrek sortu du alarma. Kasu gehiago agertuko direla penatzen da baina gaitzaren ezaugarriak jakinda, pertsona horiek isolatuta eta osasun publikoak kontaktuak eta kontrolatuz gero, gaitzaren kontrola nahiko erraza izango da".

Kutsatuz gero, gaitza berez sendatu arte itxaron beharra dagoela azaldu du, ez baitago bestelako sendabiderik: "Momentuz tratamendurik ez da ezagutzen eta mozteko bestelako biderik ere ez. Gaitzaren ezaugarriak eta bere transmisio modua ezagututa, baina, ez da uraren bidez kutsatzen, ez da airearen bidez transmititzen, objetuen bidez oso denbora gutxian transmitutu daiteke... kontrolpean hartzeko nahiko erraza litzateke berez".

Gauzak horrela, lasaitasunerako deia egin du berriz ere, eta ez du egoki iritzi publikoki kasuen kontaketarekin gora eta behera ibiltzea: "Kasuen kontaketa eta horien berri emateak gehiago du zalapartatik benetako garrantzitik baino. Denok jakin beharko genuke gaitza zer den eta norbaitek antzeko sintomak baditu medikuarenera jo beharko luke. Guk derrigortasuna dugu horrelako kasu bat ikusten badugu aitorpen bat egiteko. Laginak hartzen dira eta aztertu egiten da kasua baieztatzeko eta hala bada, ingurukoen jarraipena egiten da kasu gehiago badiren ala ez ikusteko, baina nik uste dut, alde batetik, jendeak pribatutasunerako eskubidea duela gaixo izanda ere, eta, bigarrenik, 30, 32 edo 40 kasu direla esateak ez garamatzala inora".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak bideoak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Albisteak Euskadi Irratia Osasunari buruzko albisteak Medikuak Donostia Ospitalea Tximino-baztanga Euskadin