Gizartea -

ARRANTZA

Salaberria: "Gizon saregileak ere badaude, baina arrantzaleen baldintzak izan dituzte beti"

Duela 40 urte hasi zen saregile lanetan Edurne Salaberria; Pasaian ikasi zuen ofizioa, ondoren Donostian hainbat urtez aritu zen sareak josten, eta, egun, Hondarribiko portua du lantoki. Erretiroa lehenago hartu ahal izatea berri pozgarria dela esan du, baina badituzte aldarrikapen gehiago ere.

Edurne Salaberria, sarea josten. Argazkia: Edurne Salaberria
Edurne Salaberria, sarea josten. Argazkia: Edurne Salaberria
Edurne Salaberria, sarea josten. Argazkia: Edurne Salaberria

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi eskuak minberatzeraino aritzen da lanean. Bizkar, gerri eta lepoko giharrei zuzen eusten lanak izaten ditu. Beti itsasertzean, leku heze eta haizetsuetan. "Nik ez dut ikusten neure burua 67 urterekin ogibide honetan. Ezingo nuke. Lanbide oso gogorra da", aitortu du Edurne Salaberria saregile pasaitarrak.

14 urterekin hasi zen ofizio honetan Pasaian, eta hizketan hasi orduko ezagun du maite duela.  Pasioz azaltzen ditu bere ogibidearen xehetasunak, gaziei gozoei  bezainbesteko indarra jarrita. 54 urte ditu, eta erretiroa lehenago hartzeko eskubidea izan dezakeela jakin du asteon, Espainiako Gobernuak onartutako lege proiektua aurrera ateratzen bada. Pozarren jaso du berria, urteetako diskriminazioa, hein batean, amaituko delako. "Hau gure aldarrikapen garrantzitsuenetako bat zen, baina ez bakarra. Soldatak finkoak izatea lortu nahi dugu. Gizon saregileak ere badaude, baina arrantzaleen baldintzak izan dituzte beti, nahiz eta itsasora ez atera, gu bezala", azaldu du.

Duela ia bi hamarkada sortu zuten Euskal Herriko Saregileen Elkartea, eta ordutik etengabe aritu dira euren lan-eskubideen alde borrokan. Asko kostata, baina saregile ofizioaren aitortza ofiziala lortu zuten. Egun, titulazio ofiziala behar da saregiletzan aritzeko. Eusko Jaurlaritzak Lanbideren bidez antolatzen dituen ikastaroetan lor daiteke titulazioa. "Erakundeek gure lanbidea aitortzea lortu genuen, eta ikastaroen bidez ogibideari ofizialtasuna ematea. Urrats oso inportantea izan da hori guretzat", Salaberriaren hitzetan.

Desagertzear dagoen ofizioa da saregileena, eta eskulangintza oinarri duten beste ogibide askotan bezala, erreleborik eza da arazo handienetako bat. Erretiro adina aurreratzea gazteak lanbidera erakartzeko amua izan litekeela uste du saregile pasaitarrak, baina horrez gain, "transmisioa bermatu nahi bada", soldatak egonkortu behar direla azpimarratu du. Ogibidean diharduten ia emakume guztiak — 100 inguru Euskal Herrian — autonomoak dira, eta bakoitzak bere baldintzak adosten dituen arren, "oso gutxik dute soldata finkoa bermatuta urte osoan".

Lanbide gogorra bada ere, "harrapatu egiten zaituen" ogibidea dela adierazi du Salaberriak. "Beti berdina egiten dela dirudi, baina ez daude bi zulo berdin", esan du. Barkuak itsasoratzeko zain, burua altxatu gabe sarea josi beharrak sortutako estresak hitzekin azaldu ezin duen "zerbait berezia" eragiten dio barrenean. "Adrenalina moduko zeozer", esan du. "Barkuak zain daudenean, azkar eta presaka bukatu behar dugunean… adrenalina horrek harrapatu egiten gaitu". Horregatik, saregile gisa amaitu nahiko luke bere ibilbide profesionala, "hori bai, baldintza duinekin".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Gipuzkoa Lana albisteak Hondarribia Gizartea Eguneko albisteak Pasaia Albisteak Sindikatuak Pentsioei buruzko albisteak 2024 Arrantza