Gizartea -
Indarkeria matxista
Valentziako 12 urteko bi neskatori egindako bortxaketak, bat taldean egindakoa, ikertzen ari da Polizia
Burjassot udalerriko abandonatutako etxebizitza batean jazo ziren erasoak. Espainiako Poliziak baieztatu du ikerketa abian duela, baina ez du bestelako informaziorik eman.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Polizia ikertzen ari da bi adingaberi Burjassot udalerrian (Valentzia) astelehenean egindako sexu erasoak. Bortxaketetako bat taldean egindakoa omen da.
Poliziaren iturriek baieztatu dutenez, Familia eta Emakumea Artatzeko Unitatea ari da erasoak ikertzen, baina ez dute bestelako informaziorik eman.
Levante-El Mercante Valenciano egunkariak gaur eman du albistearen berri. Horren arabera, bi bortxaketak Burjassoten (Valentziako metropoli-barrutian, hiriburutik zortzi bat kilometrora) etxe abandonatu batean gertatu ziren.
Antza, bi neskatoak bi gizonezkorekin egin zuten hitzordua Instagram sare sozialaren bidez. Egunkariaren arabera, mutiletako batek neskatoetako bat bortxatu zuen. Adingabeak bertatik ihes egitea lortu zuen, eta beste lagun bati kontatu zion jasandakoa. Hirugarren neska horrek gurasoak ohartarazi zituen, eta horiek, era berean, Espainiako Polizia.
Polizia bertaratu baino lehen, ordea, bi mutikoen beste lau lagun joan ziren Burjassoteko etxe abandonatu horretara eta oraindik han zen bigarren neskatoa bortxatu zuten, taldean.
Oraingoz, ez dute atxiloketarik egin.