Gizartea -

Abortuaren Legea

Abortuaren legea: nobedadeak eta arauditik kanpo gelditu diren neurriak

Espainiako Gobernuak onartutako aurreproiektuak, hainbat eskubide aitortzen dizkie emakumeei. Alabaina, beste zenbait neurri arauditik kanpo utzi dituzte.

Irene Montero Berdintasun ministroa. Argazkia: EFE
Irene Montero Berdintasun ministroa. Argazkia: EFE
Honako hauek dira Abortuaren Lege berriaren gakoak

01:07

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun Sexualaren Legea —abortuaren legea bezala ezagutzen dena— erreformatzeko aurreproiektua onartu du gaur Espainiako Gobernuaren ministroen kontseiluak. Erreformarekin sexu eskubide gehiago izango dituzte emakumezkoek. Besteak beste, haurdunaldia eten nahi dutenek oztopo gutxiago izango dituzte.

ZEINTZUK DIRA BERRITASUNAK?

- 16 eta 17 urteko adingabeek haurdunaldia eteteko eskubidea izango dute. Ez dute hiru eguneko gogoetarik egin beharko eta baja hartu ahalko dute. Halaber, asistentzia zerbitzu integrala eta espezializatua eskainiko zaie.  

- Kontzentzien-eragozpenerako eskubidea aitortzen da eta Eutanasia Legean jasota dagoen moduan definitu dute. Horrela, bada, haurdunaldia eteteko eskubidea gauzatzeko behar beste langile izango direla bermatzen da.

- Biharamuneko pilula doan banatuko dute osasun sexualari lotutako zerbitzuak eskaintzeko zentroetan.

- Pilula antikontzeptiboak Gizarte Segurantzak ordainduko ditu eta gizonei zuzendutako antisorgailuak bultzatuko dira, ardura hori emakumeena soilik izan ez dadin.

- Hileko mingarriak dituzten emakumeek baja eskatu ahalko dute.

- Haurdunek erditu aurreko baimena izango dute 39. astetik aurrera, eta horrek ez du eraginik izango amatasun-baimenean.

- Hilekoari lotutako produktuak (konpresak, tanpoiak…) doan banatuko dituzte institutuetan, espetxeetan, emakumeen etxeetan edota zentro sozialetan, pobreziak eragiten duen arrakalari aurre egiteko.  

- Antisorgailuak doan banatuko dituzte ikastetxeetan hezkuntza sexualari buruzko kanpainak egiten direnean.

- Hezkuntza sexuala integrala izango da heziketa maila ezberdinetan, sexu-harremanak errespetuan oinarritu behar direla sustatzeko.

- Osasun sexualari buruzko arreta espezializatua eskaintzeko, zentro publikoak eraikiko dituzte eta telefono zerbitzu bat jarriko dute martxan.

- Irakasleei, espetxeetako langileei eta behargin publikoei hezkuntza sexualari eta hilekoari buruzko trebakuntza emango zaie.

ZER EZ DUTE SARTU?

Nolanahi ere, hasierako asmo batzuetan atzera egin behar izan du Berdintasun Ministerioak (Unidas Podemos), PSOErekin egindako negozioen ostean.

Hala, hilekoari lotutako produktuen (konpresak, tanpoiak eta halakoek) BEZak bere horretan jarraituko du, hots, % 10ean. 'Tasa arrosa' deitu izan dena % 4ra jaisteko edo guztiz kentzeko proposamena zuen Berdintasun Ministerioak, baina oraingoz, ez da adostasunik izan.

Horrez gain, haurdunaldi subrogatuak legez kanpokoa izaten jarraituko du, baina ez dituzte zigortuko atzerrian praktika hori erabiltzen dituztenak.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortua Espainiako Gobernua Gizartea Eguneko albisteak Albisteak