Gizartea -
LGTBI+fobiaren aukako eguna
LGTBI+ kolektiboaren zaurgarritasuna areagotu dela ohartarazi dute
LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, Gehitu elkarteak Latorrizko Saria Vox ultraeskuineko alderdiari eman dio, "kolektiboaren aurka egindako adierazpenengatik".
Agentziak | EiTB Media
Euskadiko erakunde nagusiek aniztasunarekiko errespetu eta tolerantzia aldarrikatu dute astearte honetan. Era berean, LGTBI+ kolektiboa pandemian zehar gehien astindutakoetako bat izan dela eta azken bi urteetan haren zaurgarritasuna areagotu dela ohartarazi dute.
LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, Gehitu elkarteak Latorrizko Saria Vox ultraeskuineko alderdiari eman dio, "kolektiboaren aurka egindako adierazpenengatik".
Eusko Jaurlaritzak; Bizkaiko eta Arabako aldundiek, eta Legebiltzarreko talde politiko guztiek, Vox ultraeskuineko alderdiak izan ezik, LGTBI pertsonen edozein diskriminazio errefusatu dute. 1990eko maiatzaren 17an Munduko Osasun Erakundeak homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kendu zuelako ospatzen da LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Eguna.
Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako udalek efemeridearekin bat egin dute sare sozialetan. Azken eraso homofoboaren berri astearte honetan eman dute, nahiz eta iragan igandean gertatu Donostiako Ondarreta hondartzan. Gizon batek emakume batzuei argazkiak atera zizkion, eta beste batek "lesbiana emagaldu" deitu eta "nazka ematen" zutela esan zien.
Igande horretan bertan, beste pertsona batek Uribarri Ganboako urtegian harrikada bat jaso izana salatu zuen sare sozialetan, "maritxu zikina" oihu artean.
LGTBI kolektiboaren aurkako erasoak gaitzetsi ditu Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Elkarbizitza bultzatzeko eta ziurtatzeko modu bakarra "tolerantzia handiagoa" izatea dela nabarmendu du, gizartean dagoen aniztasuna normaltasunez onartuz.
Horregatik, "aniztasunarekiko intolerantzia eta errespetu falta", salatu ditu Zupiriak, baita "oinarrizko giza eskubideen aurkako erasoak" ere. Askotan indarkeriaren bidez azaleratzen den intolerantzia "bereziki larria" dela uste du, eskubideen berdintasuna errespetatzen ez duelako.
Araban, Aldundiak Eusko Legebiltzarraren antzeko adierazpen bat onartu du. Azken bi urteetan, "esparru askotan, zaurgarritasun egoerak areagotu dira, esaterako, sare sozialetan", ohartarazi du erakundeak. Bestalde, kolektiboaren aurkako gorroto diskurtsoak eta indarkeria arbuiatu ditu Aldundiak beste adierazpen batean.
Azkenik, Bizkaian, sexu aukera askatasun osoz hautatzeko pertsona guztien eskubidearen aldeko kanpaina martxan jarri du Aldundiak, "Bizi bihotzak eskatzen dizun bezala" lelopean. "Eskubideetan eta askatasunetan erabateko gizarte eta herritartasuna lortzeko konpromisoa", berretsi du erakundeak.