Gizartea -
LGTBI+
LGTBI+ kolektiboaren aurkako erasoak % 69 ugaritu dira Araban
Ikusgune, Gasteizko LGTB+fobiaren aurkako Behatokiak 27 intzidentzia jaso zituen 2021ean, aurreko urtean baino 11 gehiago. Batez ere, eraso transfoboak ugaritu dira, "Diputatuen Kongresuan trans legearen tramitazioaren esparruan sortutako gorroto-giroagatik".
Agentziak | EITB Media
Ikusgunek Gasteizko LGTB+fobiaren aurkako Behatokiak, kolektibo horren aurkako 27 eraso erregistratu zituen 2021an, 2020an baino % 68,8 gehiago, orduan 16 kasu izan baitziren. Gisa honetako datuak biltzen 2017an hasi ziren eta orduan 10 eraso zenbatu ziren, iaz % 170 gehiago, beraz.
Ikusgunek azken lau urtetan bezala, bosgarren urtez kaleratu du txostena eta astelehen honetan aurkeztu dute Miren Fernández de Landa Gasteizko Udaleko Berdintasuneko zinegotziak eta Amets Martínez de Heredita Lumagorri zisheterosexismoaren aurkako taldeko bozeramaileak, hain zuzen ere, bihar, maiatzak 17, LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatu bezperan.
Txostenean egiaztatu da, halaber, trans kolektiboari egindako erasoek gora egiten jarraitzen dutela; guztira 13 izan ziren iaz, jakin diren kasu guztien erdia inguru, % 48,1; 2020an % 40 izan ziren, eta 2019an % 5 baino ez.
Arlo horretan, txostenaren egileek adierazi dute trans pertsonenganako indarkeriak "hazten" jarraitzen duela, "hein handi batean Diputatuen Kongresuan trans legearen tramitazioaren esparruan sortutako gorroto-giroagatik".
Aldi berean, eraso homofoboek behera egin dutela ikusi da, eta iaz halako 7 erasoren berri izan zuten, eraso guztien % 25,9 beraz. 2020an % 40 izan ziren eta 2019an % 70.
Lesbianen aurkako erasoek ere behera egin dute, iaz 3 eraso izan baitziren, eraso guztietan % 11,1; 2020an, berriz, % 13,3 ziren.
Iaz LGTBI+fobia 4 kasu erregistratu ziren, hau da, LGTBI kolektibo osoari zuzenduriko adierazpenak zituztenak; eraso guztien % 14,8. 2020an, % 6,7 ziren gisa honetako inzidentziak.
Erregistratutako 27 gertakarietatik gehienak Gasteizen zenbatu ziren, 23; Aiarako eskualdean, berriz, bat erregistratu zen, beste urte batzuen ildotik, eta "kezkagarria" da, batez ere, Gorbeialdean gertatu diren erasoen hazkundeak; 3 eraso izan dira han pintaketekin eta homosexualen aurkako jazarpenarekin lotuta.
Udako hilabeteetan izan ziren LGTBI+ kolektiboaren aurkako eraso gehien, 13, eta 9 udaberrian; neguan, berriz, 2 baino ez ziren izan. Txostenak azaltzen duenez, udan eta udaberrian izan ohi dira eraso gehien, horiek baitira gune publikoak gehien erabiltzen diren urte sasoiak, eta hain zuzen ere, gune publikoetan gertatzen dira eraso gehienak, iaz, esaterako, zenbatutako 27 erasoetatik 13.
Gertakarien tipologiari dagokionez: 10 jazarpenak izan ziren, 11 gorroto-diskurtsoarekin lotuta egon ziren eta 6 diskriminazioak izan ziren.
Ildo horretan, txostenak ziurtatzen du gorroto-diskurtsoak areagotzen ari direla eta eraso fisikoetan gauzatzen ari direla. "Esan dezakegu LGTB+fobia hitzetatik ekintzetara pasatzen ari dela", dio dokumentuak.
Lumagorriko bozeramaileak nabarmendu duenez, igande honetan Uribarri Ganboako (Araba) urtegiko hondartzetako batean izan den eraso baten berri izan dute. Eraso homofoboa egin diete bi gizoni, "maricón de mierda" oihukatuz harri bat jaurtita; haietako bat jo du harriak eta Martinezek babesa adierazi dio biktimari.
Martinezek eta Berdintasuneko zinegotziak nabarmendu dutenez, Gasteizen, Udalaren eta Lumagorriren arteko lankidetzaren ondorioz, Euskadiko LGTBI+fobiaren aurkako lehen behatokia sortu zen, kolektibo horren aurka egiten den indarkeria ikusarazteko ez ezik, informazio- eta laguntza-gune gisa ere balio duena.
Behatoki horri esker, Ikusguneko koordinatzaileak ziurtatu du "Gasteiz dela Estatuko hirien artean gorroto-delitu salaketen zerrendan goren dagoen hiria, eta LGTBI+fobiari dagokionez, indarkeria horri aurre egiteko tresna gehien dituen hirietako bat" dela esan dute.