Gizartea -
Osasun Sexualaren legea
Abortuaren legearen aurreproiektuak ez du hileko produktuen BEZa murrizteko neurririk jasoko
Aurreproiektuaren eztabaida "amaituta" dagoela esan du Irene Montero ministroak. Zirriborroaren arabera, 16-17 urteko adingabeek ez dute gurasoen baimenik beharko haurdunaldia eteteko, eta hileko mingarria dutenek baja eskatu ahalko dute. EBn eskubide hori jasotzen duen lehen estatua da Espainia.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Hainbat ika-mikaren ostean, bihar onartuko du Espainiako Gobernuaren ministroen kontseiluak Osasun Sexualaren Legea —abortuaren legea bezala ezagutzen dena— erreformatzeko aurreproiektua. Gobernuaren baitan izandako eztabaidak "amaituta" daudela azpimarratu du gaur Irene Montero Berdintasun ministroak, eta horren harira, iragarri du hileko produktuen (konpresak, tanpoiak eta halakoek) BEZak bere horretan jarraituko duela, hots, % 10ean. 'Tasa larrosa' deitu izan dena % 4ra jaisteko edo guztiz kentzeko proposamena zuen Berdintasun Ministerioak, baina azkenean, koalizio gobernuak ez du neurria adostu.
Dena dela, arauaren berrikuntza behinena hileko mingarria duten emakumeei baja aitortzea izango da, eta hala, Europar Batasunean (EB) eskubide hori legez onartzen duen lehen estatua izango da Espainia. Bestalde, emakumeek erditu aurreko bajarako eskubidea izango dute haurdunaldiko 39. astetik aurrera.
Testuak jasotzen duenez, gainera, 16 eta 17 urteko adingabeek ez dute gurasoen baimenik beharko haurdunaldia eteteko. Aurrez, 2010 eta 2015 urteen artean, eskubide hori bazuten emakume gazteek, baina Rajoyren Gobernuak ezinbesteko egin zuen legezko tutoreen baiezkoa, 2015eko erreforman. Horrez gain, desgaitasunen bat duten emakumeei eskatzen zitzaien tutoretza ere kenduko da.
Halaber, haurdunaldia eten baino lehen andreei galdegiten zitzaien hiru eguneko gogoeta ezabatuko du legeak. Azkenik, abortua zentro publikoetan egiteko eskubidea aitortuko du legeak: emakumeei etxetik gertuen duten erietxean haurdunaldia eteteko eskubidea bermatuko zaie. Gaur-gaurkoz, abortuen % 20 baino ez dira egiten osasun publikoaren sarean. Ildo horretan, aurreproiektuak kontzientzia eragozpena argudiatzen duten profesionalen erregistroa (Eutanasia Legearekin egin den bezala) osatzea proposatuko du.
Hileko mingarriengatik, baja
Irene Monterok Ser irrati katean egin dioten elkarrizketa batean aitortu duenez, hileko mingarriengatik baja hartzeko eskubidea onartzen duen EBko lehen estatua izango da Espainia, eta neurria "iraultzailea" dela azpimarratu du. Azaldu duenez, bajak lehen egunetik Gizarte Segurantzak ordainduko ditu, ez enpresak; eta ez dute gutxieneko kotizaziorik eskatuko. Horrez gain, lanera ez joateko egun kopuru zehatzik ez du aurreikusi zirriborroak. Hartara, emakume bakoitzak behar dituenak esleituko dizkio medikuak.
Monteroren aburuz, bazen garaia jendartearen erdia baino gehiagok "lotsarekin, tabuekin eta estigmarekin" bizi zuen gai bati -hilekoa— buruz hitz egitekoa, eta erakundeek euren ardurapean hartzekoa.
Halaber, haurdunaldiaren 39. astetik aurrera erditu aurreko baja aitortuko zaie emakumeei (hori ere Gizarte Segurantzak hartuko du bere gain). Ministerioaren asmoa zen 36. astetik aurrera eskaintzea, baina azkenean murriztaileagoa izango da neurria.
Hileko produktuen BEZa, bere horretan
Monterok deitoratu du hileko produktuen BEZa murrizteko akordiorik lortu ez dutela (koalizio gobernuaren akordio programan jasota egon arren), baina iragarri du hori lortzeko "borrokatzen" jarraituko dutela, aurreproiektu horretan ez bada, Aurrekontu Orokorretan sartzeko.
Dena dela, iragarri du produktuok eskoletan eta espetxeetan doan banatzeko akordioa erdietsi dutela.
Helegitea Auzitegi Konstituzionalean
Behin zirriborroa onartuta, Gobernuko ministerio ezberdinek, Estatu Kontseiluak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Fiskaltzak oniritzia eman beharko diote testuari. Ondoren, ministroen kontseilura eramango dute berriro, Kongresuak eztabaida dezan.
PPk helegitea aurkeztu zion 2010an Zapateroren Gobernuak onartutako lehen abortuaren legeari, eta oraindik aztertzeke du Auzitegi Konstituzionalak. Monterok espero du emakumeen oinarrizko eskubideak "errespetatzearen" alde egingo duela "behingoz".