Gizartea -
KORONABIRUSA
Felix Zubia: "Pandemia endemizatzen ari da baina gripeak baino heriotza gehiago eragiten ditu oraindik"
Gizartea pandemia osteko "normaltasunera" bidean den honetan, pertsona zaurgarrienei euren burua zaintzeko eskatu die berriz ere Donostia Ospitaleko ZIU buruak.
EITB MEDIA
"Koronabirusa kasuak goraka doaz kalean, nabarmen, baina oraingoz ez du aparteko gorabeherarik eragiten ospitaleetan" kontatu du Felix Zubia Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitateko zerbitzuburuak gaur Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan. Artatzen dute oraindik ere "bakarren bat" ZIUn, baina egoera ez dela inondik inora ere garai batean bizitakoa berretsi du.
Pandemiaren osteko normaltasun bidean, bihartik aurrera, garraio publikoan maskara ez da derrigorrezkoa izango Ipar Euskal Herrian, osasun etxeetan jantzi beharko da soilik. Europa Batasuneko hegaldietan ere altxatzen ari da derrigortasuna. Zubiak ohartarazi du, dena dela, koronabirusa ez dela oraindik gripea eta pertsona zaurgarrienek, batez ere, kontuz ibili behar dutela: "Baditu antzekotasunak gripearekin baina baita ezberdinatasunak ere. Endemizatzen ari da, birusa zabalantzen ari da horrenbesteko larritasunik eragin gabe edo ospitaleak gainezka jarri gabe, baina oraindik ere gripeak baino heriotza gehiago eta arazo gehiago eragiten ditu".
Gauzak horrela, adinekoei, immunitate arazoak dituztenei eta gaixotasun kronikoak dituztenei babesten jarraitzeko gomendatu die berriz ere medikuak: "FFP2 maskara jantzi dezatela barrualdeetan".