Gizartea -

Eskubideak

Azken orduko ika-mikak Espainiako Gobernuan, abortuaren erreforma onartzeko

Hileko mingarri batengatik baja hartzeko aukera aurreikusten du Berdintasun eta Osasun ministerioek adostutako aurreproiektuak, baina Escriva ministroak "eztabaidan" dagoen neurria dela uste du.

Yolanda Diaz eta Nadia Calviño ministroen arteko ika-mika izan da azken orduetan. Argazkia: EFE
Yolanda Diaz eta Nadia Calviño ministroen arteko ika-mika izan da azken orduetan. Argazkia: EFE
Yolanda Diaz eta Nadia Calviño ministroen arteko ika-mika izan da azken orduetan. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Berdintasun Ministerioak abortuaren legea datorren asteartean Ministroen Kontseilura eramateko asmoa du, baina erreforman zeresana duten ministerio batzuei ezustean harrapatu die, eta oraindik arauaren alde garrantzitsuak negoziatzen ari dira.

Besteak beste, hileko mingarri batengatik baja hartzeko aukera aurreikusten du Berdintasun eta Osasun ministerioek adostutako aurreproiektuak, baina Jose Luis Escriva Inklusio eta Gizarte Segurantza ministroak koalizio Gobernu barruan "eztabaidan" dagoen neurria dela uste du.

"Legeak bi osagai bateratu behar dituela da gure jarrera: emakumeen babesa hobetu, eta era berean, lan-merkatuan baldintza hobeagoetan parte-hartzea bultzatu", adierazi du kazetarien aurrean.

Yolanda Diaz bigarren presidenteorde eta Lan ministroa neurriarekin "guztiz ados" agertu da, "genero lan politika" egin behar delako. Era berean, Unai Sordo eta Pepe Alvarez CCOO eta UGT sindikatuetako idazkari nagusiek, hurrenez hurren, positiboa dela uste dute, baina gaia elkarrizketa sozialeko mahaian eztabaidatzea eskatu dute.

Espainiako Exekutiboak "emakumeak estigmatizatuko dituen neurririk hartuko" ez duela argi utzi nahi izan du Nadia Calviño lehen presidenteorde eta Ekonomia ministroak.

Diazek Calviñori erantzun dionez, hileko mingarriengatik laneko baja bat onartzeak ez ditu emakumeak "estigmatizatzen", gizonak eta emakumeak "desberdinak" direla ulertzeko "sentsibilitate nahikoa ez izateak" baizik.

Bestalde, emakumeek 36. astetik erditzera baimena izateko aukera eta abortu kasuetan bajak, mahai gainean ditu Escrivaren Ministerioak.

Konpresa, tanpoi eta pixoihalei BEZa kentzeko ideia ere zalantzan dago. PSOEren eta Podemosen arteko koalizio akordioak zerga % 4an uztea aurreikusten zuen. Ogasun Ministerioak ez du orain arte txintik esan. Kalkuluen arabera, BEZa kentzeko proposamenak 30 milioi euroko kostua izango luke Estatuarentzat.

Azkenik, Justizia Ministerioak beste proposamen batzuk aztertu ditu, haurdunaldi subrogatuaren aurka borroka egiteko neurriak, esaterako. Espainian debekaturik dago, baina beste herrialde batzuetan legezkoa da.

Atzerrian alokairuko sabelak erabiltzen dituzten pertsonak judizialki jazartzea planteatu zuen Berdintasun Ministerioak zirriborroan, baita bitarteko moduan ari diren agentzien iragarkiak debekatzea ere.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortua Berriak Politika Alderdi Sozialista Espainiako Gobernua argazkiak Espainia bideoak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Albisteak Podemos albisteak Feminismoa Giza eskubideak albisteak Yolanda Diaz