Gizartea -
Abortua
Espainiako Gobernuak asteartean onartuko du gurasoen baimena kenduko duen abortuaren legearen aurreproiektua
Aurreikuspenen arabera, testuak osasun publikoan haurdunaldia borondatez eten ahalko dela bermatuko du, eta gurasoen baimena izatearen beharra kenduko die 16 eta 17 urteko adingabeei.
Agentziak | EITB Media
Abortuaren legeak datorren asteartean hasiko du bidea, ziurrenik, aurreproiektua Ministroen Kontseiluan onartuta. Testuak osasun publikoan haurdunaldia borondatez eten ahalko dela bermatuko du, eta gurasoen baimena izatearen beharra kenduko die 16 eta 17 urteko adingabeei.
EFEk aipatutako Berdintasun Ministerioko iturrien arabera, testua negoziazioaren azken fasean dago. Ser irratiak aurreratu duenez, Gobernuak datorren asteartean emango dio oniritzia.
Testuaren azken xehetasunen berri izan gabe, Irene Montero ministroak eta beste ordezkari batzuek hilabete hauetan zehar legean sartu nahi dituzten neurri batzuk azaldu dituzte, hala nola alokairuko sabelak indarkeria motatzat hartzea.
Ziurrenik, 16 eta 17 urtetik beherakoek ez dute gurasoen baimena beharko abortatzeko. Baldintza hori 2015ean sartu zuen PPk.
Berdintasun Batzordean egindako azken agerraldian, Monterok ziurtatu zuen bere beste helburuetako bat zentro publikoetan abortatzeko eskubidea bermatzea dela, eta aurreratu zuen eutanasiaren legea hartuko zuela erreferentziatzat kontzientzia-eragozpena arrazoitzen duten profesionalen erregistro bat sortzeko.
Ministerioak emakumeen higiene produktuek eta hilekoarenek jasaten duten % 10eko BEZa jaitsi nahi du, baita ikastetxeetan doan banatu ere.
Horrez gain, Monterok nahi du haurdun dauden emakumeek baimen ordaindua eta unibertsala izateko eskubidea izatea, haurdunaldiaren 36. astetik aurrera eta erditu arte, amaren osasuna babesteko, haurra jaio ondoren dituzten baimenetatik bereizita.
Era berean, Monteroren asmoa da hileko mingarriak dituzten emakumeek baja eskatu ahal izatea, baita kiste, mioma edo endiometriosiengatik normaltasunez lan egin ezin dutenek.