Gizartea -
Buruko osasuna
Buruko gaixotasunak dituzten pertsonak artatzeko osasun baliabideak handitzeko eskatu dute
Buruko gaitzak dituzten pertsonen eta senideen elkarteen federazioak hainbat gomendio bildu ditu arazo mentalak pairatzen dituzten lagunei kalitatezko osasun zerbitzua emateko. Dokumentua gaur aurkeztu dute Legebiltzarrean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Buruko gaixotasunak dituzten pertsonen eta senideen elkarteen federazioak (Fedeafes) osasun baliabideak handitzea premiazkoa dela adierazi du Eusko Legebiltzarrean, buruko arazoak sufritzen dituzten gazteen kopuruak gora egin duela ohartarazita.
Haurrek eta gazteek pairatzen dituzten buruko gaixotasunei buruzko ikerketa joan den urrian argitaratu zuten eta gaur aurkeztu dute Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean.
2018an egindako inkesta baten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko 15 eta 24 urte arteko gazteen % 7,8k sufritu zuten antsietatea eta depresioa.
Halaber, Fedeafesek ondorioztatu du 18 eta 24 urteko gazteek pairatu dituztela, batez ere, pandemiak eragindako kalte psikologikoak.
Adin tarte horretako pertsonen % 42,8k negar egin dute pandemiagatik bizi izan duten egoera dela eta; % 30,3k antsietatea edo izua sufritu dute; % 44,2k beldurra sentitu dute senide edo lagunen bat hil zitekeelako; eta % 15,4k bakarrik geratzeko edo isolatuta egoteko beldurra izan dute.
Testuinguru honetan, Fedeafesek hainbat gomendio bildu ditu bere dokumentuan, hala nola, ospitale psikiatrikoetan plaza kopurua handitzea eta buruko arazoak dituzten umeei eta gazteei zuzendutako epe ertain eta luzeko erresidentzia-baliabideak ugaritzea.
Halaber, ezinbestekotzat jotzen dute haurren eta gazteen osasun mentalean espezializatutako psikiatrak eta psikologoak trebatzea.
Horrez gain, beste hainbat neurri hartzea eskatzen dute, besteak beste, etxez etxeko arreta hobetzea eta eguneko ospitaleetan paziente horiei leku gehiago eskaintzea.
Bestalde, hezkuntzaren alorrean prebentzio ekintzak martxan jartzea oso garrantzitsua dela azpimarratu dute. Hala, ikastetxeetan osasun mentalari lotutako hitzaldiak eta tailerrak antolatzea proposatzen dute.
Esparru judizialean, berriz, buruko gaitz bat duen adingabe batek deliturik egin ote duen argitzeko egiten diren azterketa psikologikoak osatuagoak izan beharko liratekeela adierazi dute.
Amaitzeko, produktu toxikoen kontsumoa ekiditeko prebentzio-baliabideak handitzea aholkatu dute, buruko gaixotasunak eragiten dituztelako.