Gizartea -

Euskara

Korrikak Euskaraldiari pasatu dio euskararen dinamika soziala hauspotzeko lekukoa

"Hitzaren eta ekintzaren" garrantzia azpimarratu dute eta 2022. urtean euskaltzaleak kalera ateratzeak, euskararen aldeko ekimen jendetsuek eta euskararen ezagutza zein erabilera areagotzeko urrats sendoek "berebiziko garrantzia" dutela nabarmendu dute ekimen bietako arduradunek.

Korrikako eta Euskaraldiko ordezkariak, gaur, Donostian.
Korrikako eta Euskaraldiko ordezkariak, gaur, Donostian.
Korrikako eta Euskaraldiko ordezkariak, gaur, Donostian.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hitzaren eta ekintzaren garrantzia nabarmendu dute astelehen honetan Korrikaren eta Euskaraldiaren arduradunek, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin duten agerraldi bateratuan.

2022 "hitzaren eta ekintzaren urtea" izango zela azaldu zuten urte hasieran bi ekimenen arduradunek. Izan ere, urte berdinean baitira burutzekoak 22. Korrika eta Euskaraldiaren hirugarren edizioa, eta ekimen bietako antolatzaileek bat egin zuten hitzaren eta ekimenaren garrantzia azpimarratzeko orduan.

Bada, ideia hori berretsi dute Donostian egindako agerraldian Euskaraldiaren koordinatzaile Goiatz Urkijo eta AEKren koordinatzaile Alizia Iribarrenek. Bi ordezkariokin batera parte hartu du ekitaldian Donostiako Euskaraldia batzordeko koordinatzaile Maddi Juanikorenak.

Azaldu dutenez, pandemiak azken bi urteetan eragindako etenak "inoiz baino nabarmenago" agertu du euskararen normalizazioak, gizartearen aldekotasun eta bultzadaz gain, hiztunen praktika linguistiko eraldatzaileak eta era guztietako erakundeen urrats sendoak behar dituela.

Horregatik, 2022. urtean euskaltzaleak kalera ateratzeak, euskararen aldeko ekimen jendetsuek eta euskararen ezagutza zein erabilera areagotzeko urrats sendoek "berebiziko garrantzia" dutela nabarmendu dute ekimen bietako arduradunek.

Donostian bertan Korrika amaitu zenetik hilabete betetzear dela, Alizia Iribarrenek gogora ekarri du 22. Korrika aurkeztu zutenetik adierazi eta balorazioan ere azpimarratu zutena: "Korrika egitea helburu bat zen, normaltasunez gauzatu ahal izatea, alegia. Euskararen olatua berreskuratzea, errepidera ateratzera, eta horren aurretik, hilez hil, tokian tokiko batzordeak osatu, herrietan ekintzak antolatzea, Euskal Herriko agenda politiko eta komunikatiboan euskarak toki esanguratsua hartzea".

Bere iritziz, "oso Korrika garrantzitsua izan da, egin dugulako, eta, era berean, zer esanik ez, bizitakoa ikaragarria izan delako: jendarteak erakutsi duen herri gogoa zinez indartsua izan da eta gure ustez oso garrantzitsua da Korrikak bistaratu duen energia sozial hori Euskaraldian ere egotea".

Besteak beste, bi ekimenak zinez erabakigarriak direla azpimarratu du AEKren koordinatzaileak, "euskararen dinamika soziala hauspotzeko, indibidualismoaren garaian, kolektiboa, taldearen indarra islatzeko, herriak euskaraz bizi nahi duela adierazteko eta hizkuntzaren biziberritzean urrats sendoagoak eman daitezen aldarrikatzeko".

Korrika "akuilu"

Bestalde, 22. Korrika "jendetsu eta gogoangarria" aurten antolatuko diren gainontzeko ekimenetarako "akuilu" izango dela esan du Goiatz Urkijok. Korrikak gizartean utzi duen "energia eta aktibaziorako olatua", euskararen erabileran, ezagutzaren unibertsalizazioan eta euskararentzako gune erosoak zabaltzen urratsak ematen jarraitzeko baliatu beharra azaldu du.

Euskaraldiak horretan ekarpena egin nahi duela adierazi du, eta aurten belarriprest eta ahobizien hizkuntza ohituretan eragiteaz gain, era guztietako entitateei euskarazko praktika linguistikoak bultzatzeko neurri zehatzak hartzea eskatuko zaiela nabarmendu.

Euskaraldia batzordeak martxan jartzen hasiak daudela eta herriz herri aurtengo ariketa sozialaren aurkezpenak egiten ari direla esan du Urkijok, eta herritarrak batzordeotan partaide aktibo izateko gonbitea eginez eta Euskaraldian parte hartzeko deia eginez amaitu du bere agerraldia.

Azkenik, Korrika eta Euskaraldia moduko ekimenen antolaketan herritarrek duten garrantzia azpimarratu du Maddi Juanikorenak. Bere iritziz, azken bi urteetan batzordeen eta euskalgintza antolatuaren lana normaltasunez garatzeko egon diren zailtasunak aintzat hartuta, aurten berriro herri ekimenak martxan egotea eta batzordeak indartsu aritzea garrantzitsua izango da.

Euskaraldiaren hurrengo data garrantzitsuak

·         Maiatzak 18: entitateek parte hartzea berresteko eta izena emateko epearen irekiera.

·         Irailak 29: belarriprest eta ahobiziek parte hartzea berresteko eta izena emateko epearen irekiera.

·         Azaroaren 18tik abenduaren 2ra: EUSKARALDIA

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Korrika 2024 ibilbidea Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Euskaraldia albisteak