Gizartea -
Polizia operazioa
Bi pertsona atxilotu dituzte Bizkaian, Internet bidez 240.000 euroko iruzurra egitea egotzita
Emakume bat eta gizon bat dira atxilo hartutakoak. Batez ere txakurtxoak salduz egiten zituzten maulak. Erosle bakar bati 15.000 euroko iruzurra egin omen zioten.
Agentziak | EITB MEDIA
Espainiako Poliziak emakume bat eta gizon bat atxilotu ditu Bizkaian, Internet bidez 240.000 euroko iruzurra egitea egotzita. Emakumeak aurrekariak zituen sarean iruzur egiteagatik, eta hura atxilotzeko agindua zegoen, Espainiako Gobernuak Bizkaian duen Ordezkariordetzak jakinarazi duenez.
Bizkaian bizi zen bikote bat Nigeriako gaizkile talde batekin lankidetzan ari zela susmatu zuten Bilboko Espainiako Poliziako ikertzaileek, eta, egiaztatu zutenez, Internet bidez hainbat produktu salduta maulak egiten zituzten Espainiako Estatu osoan.
Bikoteak "bitartekari finantzario" gisa jarduten zuen, eta iruzurren bidez lapurtutako dirua Nigeriara bidaltzen zuten posta bidezko igorpen edota enpresen bidez egindako bidalketetan.
Iruzurrak egiteko, mota guztietako produktuak saltzen zituzten sarean, baina batez ere txakurtxoak salduz egiten zituzten. Animaliarengatik ez ezik, hura garraiatzeko eta aduana eta albaitari gastuak ordaintzeko dirua eskatzen zieten biktimei. Erosle bakar bati 15.000 euroko iruzurra egin omen zioten.
Atxilotu ostean, Barakaldoko guardiako epaitegiaren esku geratu ziren biak, eta horrek kargupean aske utzi zituen.