Gizartea -

Istiluak Bilbon

Hapoel Holoneko zaleek Palestinaren aldekoen kontra oldartu eta kalteak eragin dituzte Bilbon

Partiduaren atarian, jarraitzaile israeldarrek hainbat terraza suntsitu dituzte Bilbo Zaharrean, Miribillara bidean. Partiduaren ondoren, istiluak hiri osoan zehar gertatu dira. Gutxienez, bi pertsona atxilotu dituzte eta hainbat zauritu egin dira.

Jarraitzaile israeldar batzuek Palestinako banderak zituzten hainbat herritar eta tabernari eraso egin diete

01:21

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Hapoel Holoneko zaleak Bilbon dira Basketball Champions Leagueko lauko finala dela-eta, eta gaur, igandean, Palestinaren aldeko jarraitzaileen aurka oldartu zaizkie Zazpikaleetan eta Bilbo Zaharrean.

Palestinaren aldeko ekintzaileek manifestazioa zuten deituta gaurko, 13:00etarako, Unamuno plazatik abiatuta. Martxan, Israelgo gobernuak palestinarren aurka erabilitako indarkeria salatu dute, eta Israeli boikota egitea deitu dute behin eta berriro.

Istiluak 15:30ak aldera izan dira, eta Israelgo ultrek aulkiak eta mahaiak jaurti dituzte. Ondorioz, kalte materialak eragin dituzte, bai hiri-altzarietan, baita inguruko hainbat ostalaritza-lokaletan ere. Gainera, Hapoel Holonen jarraitzaileek Palestinako bandera bati su eman diote. Ertzaintza Bilbo Zaharrera hurbildu da, baina momentuan ez du inor identifikatu, ezta atxilotu ere.

Partidaren ondoren, liskarrak izan dira berriro hiriko beste hainbat puntutan, nahiz eta Ertzaintzako agenteek Israelgo jarraitzaileekin batera joan diren Miribillatik irtetean. Hala, 18:15ak aldera, gazte bat atxilotu dute Villarias kalean, lesioak eta desordena publikoak egotzita.

Istiluek Zazpikaleetan jarraitu dute, eta, 21:00ak aldera, beste pertsona bat atxilotu dute Areatzan, desobedientzia larria egotzita.

Atxiloketa horien aurrean, Sare Antifaxistak "ultra sionistei aurre egiteagatik" atxilotutakoak aske uztea eskatu du. Era berean, azken hiru egunetan hiriko bizilagunek Hapoelen jarraitzaileen aldetik "sufritu" dituzten "eraso eta probokazioak" salatu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Eskubaloia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Israel albisteak Palestina Manifestazioak gaur