Goiz kronika asteburua -
HERRI URRATS 2022
Jorajuria: "Frantses nazionalismoaren gorakada handia da eta horiek ez dute tokirik ikusten euskararentzako"
Seaskako lehendakariak euskarazko irakaskuntza bermatzeko beharrak eta aldarrikapen nagusiak izan ditu hizpide Euskadi Irratiko "Goiz Kronika" albistegian.
ANDER ALTUNA | EITB MEDIA
Itzulera leloarekin bueltan da Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festa, euskara hutsezko irakaskuntzaren aldeko ekitaldi handia. Euskadi Irratiak Senpereko lakuan duen gune berezitik, Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak onartu du Herri Urratsik gabeko bi urteak "biziki luzeak" izan direla, bai diru mailatik begiratuta, baina batez ere arnasgune gisara, "euskararen plaza nagusia da " gaineratu du.
Jorajuriak azaldu duenez, proiektu "potoloak" ditu Seaskak eskuartean. "Gure beharrak handitzen ari dira", nabarmendu du. Ildo horretan, gaurko diru sarrera kolegio berri bat egiteko baliatu nahi dute, Senperen eraikiko litzakeena aintziratik bertatik hurbil, horrek duen pisu sinbolikoarekin. "Behar dugu bosgarren kolegio bat. 4000 ikasle pasa ditugu, eta bigarren mailetan ez dugu aski toki denentzako. Hor dugu zuloa", esan du.
Legearen ikuspegitik, tokiko hizkuntzek eta kasu honetan, euskararen murgiltze ereduak Frantzian dituzten zailtasunez galdetuta, Jorajuriak dio "etsigarria" dela, eta atzerakadaren mamua gainean ikusten du. "Frantses nazionalismoaren gorakada handia izan da, eskuin muturretik ezker muturreraino, ez dutenak tokirik ikusten gure hizkuntzentzako". Eta euskal komunitatearen bultzada ezinbestekotzat jo du erasoen kontra babesteko. "Badugu sostengu handia, eta indar harremana sortu beharko dugu. Ikusiko dugu noren kontra eraman beharko den", zehaztu du.