Gizartea -
Kontseilua
Hizkuntza-eskubideen aldeko aldarria ozen entzun da Iruñean
Milaka pertsona batu dira gaur Nafarroako hiriburuan Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioan. Merezimenduen dekretuaren "atzerakadak" kritikatu dituzte eta, aldi berean, hizkuntza-eskubideen inguruan "gutxieneko" batzuk ezartzea eskatu diete alderdiei.
I. R. | EITB Media
PAIko irakasleak egonkortu eta ingelesezko irakaskuntza-ereduan aurrera egiteko asmoz, PSNk eta Navarra Sumak hitzartutako akordioa salatu eta herritar ororen hizkuntza-eskubideak defendatzeko manifestazioa egin du Iruñean gaur Euskalgintzaren Kontseiluak, "Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat!", goiburupean.
Martxa hasi aurretik, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok adierazi du gaurkoa ez dela euskararen aldeko mobilizazioa, baizik eta "eskubideen eta berdintasunaren" aldekoa.
2.000 pertsona baino gehiago batu dituen manifestazioak Iruñeako erdiguneko kale nagusiak zeharkatu ditu, Gazteluko plazara heldu arte. Bertan, Baztango, Iruñerriko eta Erriberako auzokide banak hartu du hitza, eta foru-lege proposamen berriak euren bizitzan zelan eragingo dien azaldu dute.
Ondoren, Bilbaok azpimarratu du jokoan dagoela herritarren arteko berdintasuna, justizia soziala eta kohesioa, "Nafarroako Gobernuak egindako proposamena horren kontra doalako".
Era berean, PAI programa bera gaitzetsi du, euskarazko irakaskuntzan "gero eta traba gehiago" jartzen ari direlako eta, ondorioz, milaka ikaslek euskarazko jakintza minimoa izatea galarazten ari direlako: "ingeleseko ereduak euskarazkoen aurretik jartzen ari dira". Ildo horretan, euskaldunen "diskriminazioa" gainditzeko asmoz, D ereduzko gelak Nafarroa osoan zabal daitezela eskatu du.
Alderdi politikoei zuzenduta, gutxieneko eskubide linguistiko batzuk defini ditzatela eskatu du Bilbaok, "eta ez dadila ezer erabaki gutxieneko horien azpitik". Halakorik izan ezean, Kontseiluko idazkari nagusiak azpimarratu du kalera irtengo direla beharrezkoa den guztietan, eta, gainera, euskal hiztun gehiago sortzeko lanean jarraituko dutela iragarri du, "herri honetan euskaraz bizitzeko erreminta eta eremuak sortuz".
Azkenik, zonifikazio "bidegabearen" kontrako eta euskara Nafarroa osoan ofiziala izateko lege baten alde lanean jarraitu dutela azpimarratu du Kontseiluko idazkari nagusiak. Halaber, dei egin du Gazte Euskaltzaleen Sareak maiatzaren 21ean deitutako Euskara Aurrera manifestazioan parte hartzeko.