Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Emakume batek sexu-erasoa jasan zuen Baigorrin, Nafarroaren Egunean
Festaren antolatzaile den Basaizea Kultur Elkarteak elkartasun osoa adierazi dio salaketa egin duen emakumeari eta manifestazioa deitu du Baigorrin, datorren larunbaterako.
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Aurreko larunbatean, apirilak 30, sexu-erasoa jasan zuela Baigorrin salatu du emakume batek, Nafarroaren Eguna ospatzen zen gauean.
Mugaren bi aldeetako nafarren harremanak saretzeko antolatzen den festaren baitan gertatu zen, antza denez, erasoa, eta jaiaren antolatzaileek salaketa oharra kaleratu dute sare sozialetan, protesta egiteko manifestazioa deitzearekin batera.
Basaizea elkarteak jakitera eman duenez, emakumea bera jarri da harremanetan elkartearekin, gertatutako salatzeko: "Aste huntan, emazte batek Basaizea elkarteari jakinarazi dako, Nafarroaren Egunek gauean, sexualki erasotua izan dela. Basaizeko kideok, gure sustengu osoa erakusten dakogu eraso sexista pairatu duen eta salatzeko indarra ukan duen emazte horri".
Gauzak horrela, gertatua salatu eta protesta egiteko, manifestazioa deitu du elkarteak datorren asterako, Baigorrin. Maiatzaren 14an, larunbata, izango da manifestazioa, 11:00etan, herriko etxea dagoen plazatik abiatuta.