Gizartea -

Herri Urrats 2022

Herri Urrats inoiz baino indartsuago itzuli da

Bi urteren ondoren, berriro bueltatuko da Herri Urrats jaia Senpereko (Lapurdi) lakura. Aldarrikapenak tarteko, ekitaldi eta kontzertu sorta oparoa antolatu dute iganderako. Senperen bertan bosgarren kolegio bat eraikitzera bideratuko dituzte aurtengo irabaziak.

Herri Urrats. Artxiboko argazkia: EITB Media
Herri Urrats. Artxiboko argazkia: EITB Media
Aldarrikapena eta jai-giroa bueltan dira Senpereko zingiran

0:39

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herri Urrats bueltan da berriro. Senpereko (Lapurdi) lakuan jende andana elkartu da igande honetan, hezkuntzaren eta euskararen alde egiteko. Itzulera da, hain zuzen ere, 39. edizio honen leloa. Pandemiaren eraginez bi urtez ezohiko urratsak eman dituzte; aurten, baina, eraberriturik ekin die Seaskak igandeko zita antolatzeko lanei.

Ez da ekitaldirik gabeko txokorik izango, eta zazpi gunetan banatu dute lakuko buelta guztia. Zehazki, lau gune nagusitan izango dira emanaldiak: Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Lapurdi guneetan.

Nafarroa guneko eszenatokia Lizeoko ikaslez osatutako Laparrak taldeak inauguratuko du goizean. Gero, Aho zakil Konekxion eta Aguxtin Alkhaten txanda izango da. Eguerditik aurrera, hainbat musika talde izango dira bertan: Skakeitan taldeak bere birari emango dio hasiera Herri Urratsen (14:00); Des-kontrol izango da ostean, bere 25. urteurrena ospatzeko aitzakiarekin (15:45); Willis Drummond ere bertan izango da (17:30); eta Dupla bikoteak itxiko du eguna Nafarroa guneko azken kontzertuarekin (19:00).

Araba txokoan, musikak eta erromeriak poztuko dute eguna. Talde hauek arituko dira bertan egunean zehar emanaldiak eskaintzen: Pauline eta Juliette, Mutxikoak, Kilimak, Albosax, Xiberoots, Astobaba eta Trikidantz erromeria taldea. Kontzertuak 10:00etan hasi eta 20:00etan amaituko dira.

Gipuzkoa gunearen berezitasuna dantza izango da. Estitxu Robles kolegioko gazteek emango diote hasiera egunari. Ondoren, Kautere balet, Herri Urrats Kantuz, Wazza Panda Family eta Topa Nokaren txanda izango da. Dantza erakustaldiekin amaituz, Kimua Dantza Kolektiboak GenEroa lana aurkeztuko dute. Dantzaz gain, Tristan Murgi abeslariak eta ZEZE taldeak emango diote bukaera Gipuzkoa guneko programazioari.

Goiz aldean, Lapurdi gunean Artxeroak eta hainbat bertsolari arituko dira Herri Urrats girotzen. Eguerdi aldean, bazkaria alaituko dute Natek eta Watsonek.

Bosgarren kolegioa irekitzeko asmoz

Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak bere ikasleak omendu nahi ditu aurten, azken ikasturteak zailak izan baitira. Horrela, Herri Urratsek helburu "ekonomiko" zein "sozialak" lortzea du asmo, Ihintza Bidart koordinatzailearen arabera: "Euskararen eta ikastolen festa ospatzeko beharra dugu. Behar den bezala itzultzeko, elkartzeko".

Azken urteetako ikasle kopuruaren hazkundea tarteko, aurtengo edizioaren irabaziak Senperen bertan bosgarren kolegio bat irekitzeko baliatuko dituzte. 11 eta 14 urte arteko 250 ikasle inguru izango ditu, eta 2023rako irekitzea espero dute. Seaskaren ekimenez, 38 ikastola, lau kolegio eta lizeo bat ireki dituzte jada.

Aldarrikapenak egiteko tarterik ere egongo da, Seaskako zuzendari Peio Jorajuriak azaldu duenez: "Erakutsi nahi dugu milaka garela euskara ospatzen eta euskaraz bizi nahi dugunak, eta, horretarako, neurriak nahi ditugunak". Azken urteetan, azterketak euskaraz egiteko eskubidearen aldeko aldarriak entzute handia jaso du.

Aurtengo abestia

Herri Urrats ez litzateke berbera izango abestirik gabe. Aurten, ZETAK taldea eta Erramun Martikorena elkarlanean aritu dira "Itzulera" abestia sortzeko. Pello Reparazen esanetan, abestiak "sekretu bat" badu, Martikorenaren "ausardia" da: "Bera moldatu zen ZETAKen unibertsora; berak du meritua".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Iparraldeko ikastolen jaia Iparraldea albisteak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Hezkuntza sistemako albisteak Zuberoa albisteak Lapurdi Nafarroa Behereko azken ordukoa