Gizartea -
Bilboko ustezko hilketak
Orain arte baieztatutakoa: homizidio bat, bi saiakera eta hiru heriotza natural ikertzen ari dira Bilbon
Hauek dira Bilboko ustezko hilketen harira Josu Erkoreka sailburuak baieztatutako datuak.
EiTB Media
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak baieztatu duenez, Ertzaintzak sei heriotza susmagarri ikertzen ari da Bilboko ustezko hiltzailearen auzian.
Susmagarri nagusia atxilotu zuten atzo, bere burua Irungo komisarian entregatu eta gero. 25 urteko gizonezkoa ihes eginda zegoen abendutik, baina hedabideetan bere argazkia zabaldu eta ordu batzuetar entregatu zuen bere burua.
Hauek dira Erkorekak baieztatutako datuak:
- Proba toxikologikoan positibo eman duen homizidio kasu bat aztertzen ari da Ertzaintza.
- Horrez gain, beste bi homizidio saiakera ikertzen ari dira.
- Beste ikerketa bat zabaldu dute, Bilbon jazotako eta oraingoz kausa naturaltzat jo dituzten hiru heriotza argitzeko. Proba toxikologikorik ez da egin oraindik.
- Kasu horiek guztiak Bilbokoak dira, baina ez da baztertzen Estatuko beste leku batzuetan ere antzekoak gertatu izana.
Erkorekak lasaitasuna eskatu du
Segurtasun sailburuak gizarteari "lasaitasun" mezu bat igorri dio, eta "oso zuhurrak" izatea eskatu du.
Bilboko Instrukzio Epaitegiarekin "oso lan zorrotza" egiten ari direla ziurtatu du Erkorekak. Eginbideak sekretu judizial "zorrotzaren pean" daudela gogorarazi du sailburuak. Horregatik, informazioarekin "kontu handiz" ibiltzea eskatu du.
Ikerketa judizialaren eta polizialaren "arrakasta arriskuan jar dezakegu", ohartarazi duenez. Horregatik, informazioa maneiatzean eta argitara ematean "oso zuhurrak" izatea eskatu du.
Miaketa Irunen
Testuinguru honetan, Ertzaintzak etxebizitza bat miatu du Irunen (Gipuzkoa), Bilboko ustezko hilketekin lotuta atxilotutako gizonarekin batera, ikertzaileek jakinarazi dutenez.
Agente talde bat bertaratu da herri gipuzkoarreko etxebizitza batean, gaur goizeko azken orduan, atzo Ertzaintzaren polizia-etxean bere burua aurkeztu zuen gizonarekin batera. Atzo arratsaldean entregatu zuen bere burua, bere aurpegiaren argazkia hedabideetan argitaratuta ikusi eta gero.