Gizartea -

Ikerketa

Erkorekak gizarteari "lasaitasun" mezu bat igorri dio Bilboko ustezko hiltzailearen auziaren aurrean

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak "oso zuhurrak" izatea eskatu du. "Lasaitasuna helarazi nahi diot gizarteari baina, bereziki, LGTBI+ kolektiboari, ondo asko baitakigu kasu honek larritu egiten duela", azpimarratu du.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua. Irudia: EiTB Media
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua. Irudia: EiTB Media
Josu Erkoreka sailburuaren agerraldi osoa, Bilboko ustezko hilketei buruz

16:01

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gizarteari "lasaitasun" mezu bat igorri dio, eta "oso zuhurrak" izatea eskatu du, Bilboko ustezko hiltzailearen auzian.

Bilboko Instrukzio Epaitegiarekin "oso lan zorrotza" egiten ari direla ziurtatu du Erkorekak. Eginbideak sekretu judizial "zorrotzaren pean" daudela gogorarazi du sailburuak. Horregatik, informazioarekin "kontu handiz" ibiltzea eskatu du.

Ikerketa judizialaren eta polizialaren "arrakasta arriskuan jar dezakegu", ohartarazi duenez. Horregatik, informazioa maneiatzean eta argitara ematean "oso zuhurrak" izatea eskatu du.

"Lasaitasuna helarazi nahi diot gizarteari baina, bereziki, LGTBI+ kolektiboari, ondo asko baitakigu kasu honek larritu egiten duela", azpimarratu du. "Nahi dut argi izatea, Ertzaintzak hilabeteak daramatzala lanean ikerketa konplexu honetan", erantsi du.

Erkorekaren hitzetan, "kasuak argitzean panorama konparatuko indizerik altuenetako bat duen polizia-kidegoan konfiantza izateko eskatzen dut". "Eskurik onenetan gaude, ziurtatu egiten dizuet", ziurtatu du.

Erkoreka eta Josu Bujanda Ertzaintzako buruarekin batera agertu da Trafikoa Kudeatzeko eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko prentsa-aretoan, Txurdinagan.

Hauek dira baieztatuta dauden datuak:

- Zenbait gizonen heriotzaren harira, susmagarri nagusia atxilotu zuten atzo, bere burua Irungo komisarian entregatu eta gero. 25 urteko gizonezkoa ihes eginda zegoen abendutik, eta atzo entregatu zuen bere burua, hedabideetan bere argazkia zabaldu eta ordu batzuetara.

- Proba toxikologikoan positibo eman duen homizidio kasu bat aztertzen ari da Ertzaintza.

- Horrez gain, beste bi homizidio saiakera ikertzen ari dira.

- Beste ikerketa bat zabaldu dute, Bilbon jazotako eta oraingoz kausa naturaltzat jo dituzten hiru heriotza argitzeko. Proba toxikologikorik ez da egin oraindik.

- Kasu horiek guztiak Bilbokoak dira, baina ez da baztertzen Estatuko beste leku batzuetan ere antzekoak gertatu izana.

Miaketa

Bestalde, Ertzaintzak Irungo etxebizitza bat miatu du, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez. Atxilotua miaketan izan da. Ertzaintzaren dispositibo diskretu bat Pinudi kaleko etxebizitza batera joan da goizeko azken orduan, gazte atxilotuarekin batera.

25 urteko gazte kolonbiarrak ostegunean bere burua entregatu eta guztia ukatu zuen. Bilboko 6. Instrukzio Epaitegiak atxilotzeko agindua eman zuen. 2019an, iruzurragatik atxilotu zuten dagoeneko.

Gizon homosexualentzako ziten sare sozial baten bidez, biktimekin harremanetan jartzen zen ustez. Haiek drogatu eta txartelen pasahitzak zein bankuko beste datu batzuk ateratzen zizkien, ondoren kutxazain automatikoetan dirua atera eta transferentziak egiteko.

2021eko urriaren 18an, Bilbon, gertatutako 43 urteko ondarroar baten heriotzak ikerketa abiatzeko balioa izan zuen. Biktimari bankuko kontuak hustu zizkioten.

Bilboko beste gizon batek krimenen susmagarria salatu zuen, haren erasotik onik atera ondoren. Ihes egitea lortu ostean, Bilboko Zazpikaleetako etxebizitza batean, ustezko egileak motxila bat, objektu pertsonalekin, eta substantzia estupefaziente batekin betetako ontzia utzi zituen. Horrek identifikazioa erraztu zuen.

Orain arte lau kasu judizializatu dira, 2021eko irailetik urrira Bilbon gertatutako heriotzengatik; baina ikertzaileek krimen gehiagorekin lotura izan dezakeela uste dute, nahiz eta bere garaian heriotza naturaltzat jo.

Valentzian eta Madrilen ere ikerketak zabaldu dituzte, eta susmagarriak beste delitu batzuetan parte hartu izana ez dute baztertzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza Eusko Jaurlaritza Delituak Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak