Gizartea -
BILBO
Trafikoa eten dute Agirre Lehendakariaren etorbideko zati batean, hoditerian izandako matxura baten ondorioz
05:30 inguruan hoditerian izandako leherketak 18 metro karratu inguruko errepide zatia harrotu du Julio Urkixo kalearen eta Enekuri etorbidearen artean. Hasiera batean, errepidea ibilgailuentzat erabat itxi badute ere, berriro erabiltzeko moduan dago gertaera izan den tokian izan ezik.
EITB MEDIA
Trafiko arazo handiak eragin ditu gaur goizean Bilbon Agirre Lehendakariaren etorbideko ur-hoditerian izandako matxura batek. Leherketa bat izan da hodietan, eta, ondorioz, ura kanpora atera da eta 18 metro karratuko errepide zati bat harrotu du.
Julio Urkixo kalea eta Enekuri etorbidearen artean izan da matxura, 05:30 inguruan 40. zenbakiko atariaren parean, eta errepidea erabat itxi dute ibilgailuentzat.
Hala ere, dagoeneko errepidea berriro erabiltzeko moduan dago gertaera izan den tokian izan ezik.
Deustuko bizilagunen ur-horniketa bermatuta dagoela ziurtatu du Udalak.
Konponketa lanak egiteko lau egun beharko dituztela kalkulatzen du Bilboko Udalak.