Gizartea -
Jai solidarioa
20.000 “bioahatek” Bilboko itsasadarra zeharkatuko dute Estropatadan, ekainaren 12an
Lasterketa honen helburua gaixotasun neurodegeneratiboekin amaitzeko dirua biltzea da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
WOP Estropatada lasterketaren hamargarren edizioa ekainaren 12an, igandean, izango da Itsasmuseumeko zelaigunean. The Walk On Project (WOP) fundazioak antolatuta, 20.000 "bioahate" inguru jaurtiko dituzte Euskalduna zubitik Bilboko itsasadarrera.
Aurten familiarteko festa berreskuratuko dute, musika, emanaldiak, gastronomia, haurrentzako jolasak eta saltokiak eskainita. Gainera, lasterketaren ondoren, parte-hartzaileek beren "bioahatea" zein posiziotan helmugaratu den ikusi ahalko dute Estropatadaren webgune ofizialean.
Lasterketa honen helburua da gaixotasun neurodegeneratiboekin amaitzeko dirua biltzea. Gainera, lasterketak ingurumena zainduko du bigarren urtez. Antolatzaileek adierazi dutenez, aurten ere erabiliko diren "bioahateak" landare-jatorriko materialekin egindako munduko lehen ahateak dira.
Parte hartzeko tiketak honela eskuratu daitezke: Estropatadaren webgunean eta WOPek Maximo Aguirre kalean aldi baterako duen dendan. Antolatzaileek espero dute hamargarren edizio hau jai jendetsua izatea.