Gizartea -
sanferminak 2022
2022ko San Fermin jaiak iragartzeko kartelaren hautaketa, bertan behera iruzur susmoengatik
ANIMSA enpresa publikoak, Udaleko webgunearen informatika arduradunak, kartel baten aldeko ezohiko boto kopurua atzeman du ordu-tarte zehatzetan, azken egunetan.
EITB MEDIA
Iruñeko Udalak 2022ko San Fermin jaiak iragartzeko kartelaren hautaketa behin-behinean bertan behera uztea erabaki du iruzur susmoengatik. Herritarrak www.pamplona.es webgunearen bidez bozkatzen ari ziren.
ANIMSA enpresa publikoak, Udaleko webgunearen informatika arduradunak, kartel baten aldeko ezohiko boto kopurua atzeman du ordu-tarte zehatzetan, azken egunetan, Iruñeko Udalak ohar batean jakitera eman duenez.
Apirilaren 25ean hasi zen bozketan zehar datuak ikuskatu dituzte, sistemaren funtzionamendu egokia egiaztatzeko.
Ikuskaritza horietan, kartel batek bozen % 90 lortu zituen larunbatean eta igandean, 20:00etatik 23:30era.
Larunbatean, hiru ordu eta erdi horietan, 146 boto jaso ziren, horietatik 132 kartel berdinak bereganatu zituen, eta igandean, 20:00-23:30 ordu-tartean, 114 boto erregistratu ziren, horietako 94 kartel berak lortu zituelarik. Ostiralean 42 boto izan ziren ordu-tarte berdinean.
Egoera berriro errepikatu da gaur goizean bertan, 13:00etatik 13:30era, kartel beraren aldeko ezohiko boto kopurua.
Kartel berdina babesteaz gain, boto horiek ezaugarri bat dute amankomunean, gehienek ez dute bigarren abizena ematen, aukerazko datua baita, baina gainerako boz gehienetan ez da gauza bera gertatzen.
Maiatzaren 5ean jakinarazi behar zuten aurtengo jaietako kartela hautatzeko lehiaketa zeinek irabazi duen. Epaimahaiak lehiaketara aurkeztutako 601 lanetako 10 aukeratu zituen, eta, azaldu zuenez, azken 20 urteetako bigarren parte-hartzerik altuena izan da aurtengoa; 2004an 622 lan jaso zituzten.
Hauek dira 2022ko San Fermin jaiak iragartzeko kartel finalistak:
1: "Beti bezala"
2: "Emoción"
3: "Vuelta a la fiesta"
4: "1087"
5: "2022"
6: "Por fín de vuelta"
7: "Preparada"
10: "La fiesta somos todos"