Gizartea -

KOTE CABEZUDO

Cabezudok espetxean jarraituko du gutxienez zortzi urtera zigortuko duen epaia atera bitartean

Bihar behin-behineko lau urteko espetxealdia amaitzen bada ere, Gipuzkoako Auzitegiak argitu du gertaera horrek ez duela ekarriko argazkilaria "aske uztea", martxotik beste espetxe-zigor batzuk betetzen ari baita bere aurkako azken auziaz bestelako gaiengatik.

Kote Cabezudoren epaiketaren une bat. EFE
Kote Cabezudoren epaiketaren une bat. EFE
Kote Cabezudoren epaiketaren une bat. EFE

EFE | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kote Cabezudok, berriki 17 modeloren kontrako sexu-izaerako, iruzurreko eta intimitatearen aurkako delituengatik epaitutako argazkilari donostiarrak, kartzelan jarraituko du kasuaren epaia kaleratu bitartean; epaileek aurreratu dutenez zortzi urtetik gorakoa izango da ezarriko zaion espetxe-zigorra.

Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Sekzioak EFEk eskuratu ahal izan duen auto batean eman du erabakiaren berri. Bertan jasotzen denez, akusatuaren behin-behineko lau urteko espetxealdia bihar amaitzen bada ere, argitu du horrek ez duela ekarriko argazkilaria "aske uztea".

Izan ere, joan den martxoan bost eta zazpi hilabeteko beste bi espetxe-zigor betetzen hasi zen, aurretik, auzi nagusiaz besteko kausa batzuengatik kondenatu baitzuten.

Cabezudoren defentsak argazkilaria aske uzteko eskatu zuen apirilean, baina aretoak ukatu egin zuen eskaera.

Horren ostean, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak behin-behineko askatasun-aldia maiatzaren 4an betetzat ez emateko eskatu zuten, lau urteko epe honen baitako bi urte eta hiru hilabete espetxe-zigor irmo bati zegozkionak zirela argudiatuta. Epealdi hori behin-behineko espetxealditik kendu beharko litzatekeela esan zuten; horrek behin-behineko espetxe aldia denbora horretan luzatzea ekarriko luke.

Autoan, Auzitegiko Lehenengo Atalak baztertu egin du aukera hori, Konstituzio Auzitegiaren doktrina aipatuta; doktrina horren arabera, prozesu baten ondorioz jasandako behin-behineko espetxealditik "ezin da kendu" beste arrazoi batengatik ezarritako zigorra betetzeko aldia.

Hori dela eta, Cabezudoren kasuan, "behin-behineko espetxealdi gisa zenbatu behar da" beste kondenaren ondorioz betetzen aritu den bi urte eta hiru hilabeteko denbora; beraz, behin-behineko espetxealdiaren epea "bihar amaituko da".

Hala, hemendik aurrera, eta epai berria eman arte, Cabezudo ez da behin-behineko erregimenean egongo, epai irmoz zigorra betetzen baizik. 

Kondena zortzi urtetik gorakoa izango da

Auzitegiak jakinarazi duenez, bestalde, aretoa hasi da dagoeneko kasu nagusiko "epaia aztertzen eta idazten", eta "ahal bezain laster" ezagutaraziko dute. Iragarri duenez, Cabezudori leporatu zizkioten "delitu-egitate" batzuk "frogatutzat" joko dituzte, eta "zortzi urtetik gorako kartzela-zigorra" ezarriko diote.

"Hau da -gaineratu du autoak-, egungo lau urteko behin-behineko espetxealdiaren muga halako bi"; beraz, "aurreikus daiteke aurrerago behin-behineko espetxealdiaren gehieneko iraupena handiagoa izatea".

Adierazi du, halaber, aurrerantzean espetxe-baimenei dagozkien erabakiak "eremu horretako agintarien eskumena" direla, "dagokion kontrol judizialarekin". 

Auzitegiak, hori bai, autoan jasotako kausari buruzko informazioa helaraziko dio espetxe-agintaritzari, "beren eskumenak erabili behar dituzten unean judizio-elementu gehiago izan ditzaten eskura". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak