Gizartea -

Ikerketa

Ia bost emakumeri diagnostikatzen diote bularreko minbizia egunero Euskadin

Urtez urte % 1 inguru jaisten da heriotza tasa, eta minbizi mota hori dutenen % 80tik gora bizirik irautea lortzen dute gaur gaurkoz. Diagnostiko goiztiarra eta ikerketa, gakoak gaixotasunari aurre egiteko. Hori guztia GEICAM taldeak Donostian antolatutako 14. Sinposioan aztertu dute.

Diagnostiko goiztiarra eta ikerketa, gakoak gaixotasunari aurre egiteko. Argazkia: Pixabay
Diagnostiko goiztiarra eta ikerketa, gakoak gaixotasunari aurre egiteko
Diagnostiko goiztiarra eta ikerketa, gakoak gaixotasunari aurre egiteko. Argazkia: Pixabay

Iker Gonzalez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtero 1.600-1.800 pertsona ingururi diagnostikatzen diote bularreko minbizia Euskadin, alegia, ia egunean 5 tarte horren zenbaki altuena aintzat hartuta. Hala adierazi dute gaur, osteguna, GEICAM Taldeko Bularreko Minbiziaren Ikerketa Taldeak aurten Donostian antolatutako 14. Nazioarteko Sinposioan.

Hala, gaixotasunak eragindako egoerari aurre egiteko konponbidea bi bide paralelotan oinarritu behar da: diagnostiko goiztiarra eta ikerketa. 

Hiriburu gipuzkoarrean egiten ari diren topagunean azaldu dutenez, tumore mota horri lotutako heriotza-tasa % 1 inguru jaisten da urtez urte, eta minbizi mota hori dutenen % 80tik gora bizirik irautea lortzen dute gaur gaurkoz, diagnostikoa egin eta 5 urtera. Hala adierazi du Ander Urruticoechea GEICAMeko presidente orde, sinposioaren koordinatzaile zientifiko eta Gipuzkoako Minbiziaren Kudeaketa Unitatearen (OSI Donostialdea-Onkologikoa – Osakidetza) mediku onkologoak, ikerketa taldeak hedabideei igorritako ohar batean zabaldu duenez.

Covid-19ak eragindako pandemiak eragin positiboa izan du gaixotasunari eta horri aurre egiteko tratamenduei buruzko ezagutzan, GEICAM bezalako ikerketa talde kooperatiboen ikerketa independenteak bultzada jaso baitu gizarteak duen pertzepzioari dagokionez.

"Esate baterako, Gipuzkoan bizitza-urte potentzialak galtzea eragin duen arrazoi nagusia, azken urteetako datuen arabera, bularreko minbizia izan da, eta hau hala izan da 60 urte inguru duten pertsonei eragiten dielako, alegia, pertsona gazteei", esan du Urruticoecheak.

Hau horrela izanda, gaixoek jasandako kalteak arintzeko, gaineratu duenez, "bularreko minbiziko emaitzak hobetu behar ditugu, eta ikertu zelan hobetu daitekeen diagnostikoa egiteko orduan eta zelan eman tratamendu hobeagoa gaixoei, ekartzen duen zama sozial ikaragarria arintzeko".

Halere, bularreko minbizia jasaten duten gaixoen pronostikoa asko hobetu da azken urteetan, geroz eta diagnostiko goiztiarragoak egin direlako, tumore zehatzei zuzendutako terapiak aplikatu direlako, kimioterapia beharko ez duten gaixoak identifikatu direlako, eta tratamenduak ez direlako lehen bezain toxikoak izan.

GEICAMeko presidente ordearekin bat eginez, sinposioaren beste koordinatzaileetako batek, Isabel Alvarez Lopez doktore, GEICAMeko Zuzendaritza Batzordeko kide eta Gipuzkoako Minbiziaren Kudeaketa Unitatearen kideak nabarmendu ditu bularreko minbiziaren esparruan izandako aurrerapausoak, bai gaixotasuna lokalizatuta dagoenean (aurretiazkoa) baita aurreratuta dagoenean ere (metastasikoa).

Lehen kasuan, helburu nagusia gaixo bakoitzarentzat ahalik eta emaitzarik onenak lortzea da, elementu toxikoak murriztuta, horretarako ezinbestekoa da gaixoak pertsonalizatu, banan-banakako tratamendua eman, eta zehatzagoak izatea.

Bestalde, "bularreko minbizi metastasikoaren kasuan, ikerketaren helburua sendatzea da, baina hori gure ahalmen eremutik kanpo dago. Lortzen ari gara, bai, hainbat kasutan, gaixotasuna kroniko egitea, bizi kalitate maila onarekin, nahiz eta bide luzea daukagun oraindik egiteko", gaineratu du Alvarez doktoreak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Minbizia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuak