Gizartea -
MIGRAZIOA
Bidasoa ibaian desagertutako gizona bilatzeko lanak hasi dituzte berriro
Antza denez, Endarlatsa inguruan ibaira erori zen apirilaren 18an, Iparraldera gurutzatu nahian ari zela. Asteazkenean ekin zieten bilaketa lanei, berarekin zihoazen bi pertsonak haren desagerpena gobernuz kanpoko erakunde bati jakinarazi ostean.
EITB MEDIA
09:00etan hasi dira, berriro, Bidasoa ibaian desagertutako pertsona migratzailea bilatzen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Antza denez, gizona Endarlatsa inguruan ibaira erori zen apirilaren 18an, Iparraldera gurutzatu nahian ari zela.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzako teknikari batek koordinatuta, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitatearen Uretako Atala eta Txakurren Unitatea eta Hondarribiko Gurutze Gorriko kideak ari dira bilaketa lanetan.
Ertzaintzak Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugaren ingurua arakatuko du; Gurutze Gorriak, ostera, Bidasoa ibaiaren bokalea eta Faisaien uhartea.
Atzo goizean abiatu zuten bilaketa, berarekin zihoazen bi pertsonak haren desagerpena gobernuz kanpoko erakunde bati jakinarazi ostean.
Bidasoa ibaian desagertutako bosgarren pertsona da honakoa. 2021ean hiru pertsona hil ziren, eta aurten, duela hilabete pasatxo, martxoaren erdialdean, zendu zen azkena. Ibrahim Diallo 24 urteko migratzaile senegaldarra desagertu zen, eta handik 15 egunera topatu zuten hilotza.