Gizartea -
JAIAK
Arabarrek San Prudentzio eguneko ohiko erromeriaz gozatu dute berriro Armentian
Goizeko lehen ordutik, ehunka lagun joan dira Armentiako zelaietara San Prudentzio eguna ospatzeko.
EITB MEDIA
Bi urteko etenaldiaren ondotik, San Prudentzio jaiak bueltan dira. Bart hasi da festa, erretretaren eta danborradaren doinuekin, eta gaur, Arabako zaindariaren egunean, Armentiako zelaiak jendez bete dira. Goizeko lehen ordutik, ehunka lagun joan dira bertara San Prudentzio eguna ospatzeko.
Bart, erretretaren eta San Prudentzio martxaren doinuak etxeetako ohiko agertokietara itzuli dira.
Tronpetariek eta atabalariek ohiko doinuak jo dituzte, Plaza Berrian lehenik eta Probintzia Plazan gero.
Afalostean, 23:30etik aurrera, elkarte gastronomikoetako kideak Gasteizko erdiguneko kaleetatik barrena ibili dira danborra joaz. Danborrada izan da, dudarik gabe, jai-gau luze baten ekitaldi nagusia.
San Prudentziori "santu pixontzia" deitu izan diote, eta 2022 honetan ere, ohiturari jarraituko dio. Aterkia aldean eraman beharko dute herritarrek, tarteka zaparradak botatzea aurreikusi baitu Euskalmetek.
Gaur, San Prudentzio egunez, Armentiako basilikaren inguruetara eraman dute jaia, erromeria egin baitute.
Elkarte gastronomikoak ere prest daude, eta arabarrek egun hauetan ohikoak diren jakiak jango dituzte, perretxiko nahaskia eta barraskiloak, bereziki.