Gizartea -

araba

San Prudentzio Jaien itzulera iragarri du Gasteizko Probintzia Plazan egindako pregoiak

Maria Angeles Garcia Fidalgo Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuko zuzendari zientifikoa izan du pregoilari bi pandemia urteren ostean jaiak abiatu dituen ekitaldiak.

2022ko San Prudentzio jaietako pregoia, Arabako hiriburuan. Argazkia: EITB Media
2022ko San Prudentzio jaietako pregoia, Arabako hiriburuan. Argazkia: EITB Media
2022ko San Prudentzio jaietako pregoia (jatorrizkoa, gaztelaniaz)

16:16

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Probintzia Plazak lehen aldiz hartu du San Prudentzio eta Estibalizko Andre Maria Jaiak iragartzeko pregoia. Hala, 'de facto' itzuli dira Arabako Jaiak, bi pandemia urteren ondoren.

20:00ak aldera abiatu da pregoia, eta Maria Angeles Garcia Fidalgo Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuko zuzendari zientifikoak izan du urteroko ekitaldia berreskuratzeko ardura.

Halaber, bertan izan dira Ramiro Gonzalez diputatu nagusia, Pedro Elosegi Batzar Nagusietako burua, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Ana del Val Kultura eta Kirol diputatua, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta foru gobernuko zein euskal eta arabar erakundeetako zenbait kide.

Aldundiak nabarmendu duenez, lehen aldiz izan da pregoia Probintzia Plazan, foru erakundearekin "zerikusi handia duen toki adierazgarrian", biztanlegoari gehiago hurbiltzeko asmoz. Big Band Berri taldearen emanaldiarekin amaitu da ekitaldia.

Hala, Arabak San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren jaiak berriz ospatuko ditu apirilaren 22tik maiatzaren 1era arte. Pandemia tarteko, bi urtez festak ospatu ezinik egon dira arabarrak. 

Ohiturazko pregoiaren ostean, martxan jarriko da ia 80 jarduerako egitaraua: egun handiak hilaren 27a (erretreta) eta 28a (San Prudentzio eguna) izango dira, baita maiatzaren 1a ere (Estibalizko Andre Mariaren erromeria).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal herriak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak San Prudentzio Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gasteiz berriak Gaurko azken ordukoa