Gizartea -
Nafarroa
Berriozarren aitari ustez eraso zion gaztea atxilotu dute bere burua poliziaren aurrean aurkeztu eta gero
20 urteko gizasemea Guardia Zibilak Iruñean duen kuartelera joan da bart, eta berehala hartu dute atxilo. Ondoren, Foruzaingoaren esku utzi dute, polizia hori ari baita erasoa ikertzen.
E. G. | EITB MEDIA
Berriozarren (Nafarroa) aita labana batekin sastatu zuen 20 urteko gizonezkoak bere burua aurkeztu du bart poliziaren aurrean eta agenteek atxilotu egin dute, etxeko indarkeriaren delitua egotzita, polizia iturriek jakinarazi dutenez.
Iturrion arabera, gizasemea 00:00ak pasatuta azaldu da Guardia Zibilak Iruñean duen kuartelean. Berehala atxilotu dute, eta ondoren, Foruzaingoaren esku utzi, hori ari baita kasua ikertzen.
Atxilotutakoa Foruzaingoaren polizia-etxe batean dute, epailearen aurrera noiz eramango zain.
Erasoa ustez egin zuenetik, gaztearen bila ibili dira Foruzaingoa eta Berriozarko Udaltzaingoa. 24 ordu eman ditu, beraz, ihes eginda. Erasoa astearteko 20:30ean gertatu zen, Nafarroako udalerri horretako Latsari kaleko etxebizitza batean. Zauritutako gizona ospitalera eraman zuten, sabelaldean zauria zuela.