Gizartea -
KORONABIRUSA
Musukoa ez da derrigorrezkoa barrualde gehienetan
Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu da dekretu berria; beraz, indarrean dago neurria. Hala ere, oraindik nahitaezkoa da osasun zentroetan eta zerbitzuetan, adinekoen egoitzetan eta garraio publikoan.
Eider Garaikoetxea O.| EITB MEDIA
Ia bi urte igaro eta gero, maskara eremu itxi gehienetan erabiltzeko derrigortasuna bertan behera geratu da. Hala ere, oraindik nahitaezkoa da ospitaleetan, osasun zentroetan, adinekoen egoitzetan eta garraio publikoan.
Espainiako Gobernuak atzo onartutako dekretua gaur 07:30 pasatxo zirenean argitaratu dute Estatuko Aldizkari Ofizialean.
Musukoak nahitaezkoa izaten jarraituko du hiru eremutan, arauaren arabera. Hauek dira:
Lehenik eta behin, osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduak. Hots, ospitaleak, anbulatorioak, farmaziak eta odol-transfusioko zentroak. Argudiatu dutenez, toki horietan "pertsona kalteberen kontzentrazio handiagoa egon daiteke, gaixotasun larriaren arriskua handiagoa baita, eta, bestalde, kutsatzeko probabilitatea handiagoa da, arnas infekzio kutsakorrak dituzten pertsonen kopuru handiagoa egon baitaiteke, covid-19az gain".
Bigarrenik, adinekoen egoitzak. Dekretuaren arabera, zentro horietan covid-19 agerraldiak egon daitezke, pertsona zaurgarriei zuzenean eragin diezaieketenak. Nolanahi ere, egoiliarrentzat maskara ez da derrigorrezkoa izango, "egoitza euren bizilekua delako". Langileek eta bisitariek, ordea, ezingo dute erantzi, "kanpoaldearekin harremanetan daudenez, birusa sar dezaketen agenteak baitira".
Hirugarrenik, garraiobide publikoak —aire garraioa, trenbidez edo kable bidez egiten dena, autobusak, eta ontzi eta itsasontzi espazio itxiak, pertsonen arteko distantzia txikia badago— jasotzen ditu errege dekretuak. Horren arabera, "bidaiari asko biltzen da espazio txikietan, pertsonen arteko tarte txikiarekin, eta batzuetan denbora luzez". Testu horretan aitortu dutenez, "garraio askok eraginkortasun handiko iragazkiak dituzten aireztapen-sistema onak dituzte, baina aireztapen hori ez dago beti bermatuta guztietan". Hala ere, maskara ez da nahitaez erabili beharko bidaiarien nasetan eta geltokietan.
Derrigortasun horretan, bi salbuespen aipatzen ditu testuak (lehen ere indarrean zirenak). Lehenik, musukoa ez da ezinbestekoa izango "maskara erabiltzeagatik larriagotu daitekeen gaixotasunen bat edo arnasteko zailtasunen bat duten pertsonentzat eta desgaitasun/mendekotasun egoeragatik maskara kentzeko autonomiarik ez dutenentzat, ezta maskara erabiltzea bideraezina egiten duten jokabide-alterazioak dituztenentzat ere". Halaber, "jardueren izaeragatik beragatik, maskara erabiltzea bateraezina" denean, ez da derrigorrezkoa izango, betiere "osasun-agintarien jarraibideek" hala jasoz gero.
Lan arloa eta gomendioak
Lantokiei dagokienez, dekretuak ez du gehiegi zehazten (ahapaldi bakarrean azaltzen du), eta honakoa baino ez du ezartzen: "Oro har, ez da derrigorrezkoa izango maskarak erabiltzea". Hala ere, beste hau ere eransten du: "Laneko arriskuen prebentzioaren arloko arduradunek, lanpostuaren arriskuen ebaluazioarekin bat etorriz, lantokian edo lantokietako gune jakin batzuetan ezarri beharreko prebentzio-neurri egokiak zehaztu ahal izango dituzte, maskarak erabili ahal izatea barne, ebaluazio horretatik hala ondorioztatzen bada".
Espainiako Gobernuaren testuak ez dio inongo erreferentziarik egiten hezkuntza arloari, baina Darias ministroak oso argi esan zuen atzo: "Musukoa ez da nahitaezko izango inongo kasutan".
Azkenik, dekretuaren bi paragrafotan musukoa erabiltzea "gomendagarria" diren kasuak aipatzen dira, eta "arduraz" jokatzeko deia egiten da: batetik, "covid-19ak eragindako infekzioaren aurrean kalteberatasun handiagoa duten pertsona guztiei maskararen erabilerari eusteko aholkatzen zaie, 1,5 metrotik beherako distantziara dauden pertsonekin luzaroan kontaktuan egon behar badute". Era berean, ekitaldi jendetsuetan erabiltzeko gomendatzen da. Azkenik, "familia-ingurunean eta bilera edo ospakizun pribatuetan, parte-hartzaileen kalteberatasunaren araberako erabilera arduratsua gomendatzen da".
Barrualdeetan musukoa erabiltzeko aginduaren amaierarekin batera, gora egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan covid-19agatik ospitalean dauden pertsonen kopuruak: 315 dira, joan den astean baino 100 gehiago. Halaber, heriotza-tasa ere hazi egin da azken egunetan 17 pertsona hil baitira koronabirusak jota.
Horrela, gaurtik aurrera Espainian musukoa barrualdeetan gero eta gutxiago erabiliko da. Besteak beste, Frantzian, Alemanian, Belgikan, Erresuma Batuan eta Herbehereetan hartu zuten erabaki hori aurretik. Italian, Portugalen eta Grezian, ostera, oraindik ez dute urrats hori eman.