Gizartea -
Gertakariak
Gizon bat atxilotu dute Bilbon beste bati bularraldean labankada bat emateagatik
Horrez gain, beste gizonezko bat hartu dute atxilo Bizkaiko hiriburuan pertsona bati jipoia ematea egotzita. Azkenik, Ertzaintzak hirugarren gizaseme bat atxilotu du Donostian; taberna bateko segurtasun langileei labana batekin mehatxu egitea leporatu diote.
EITB MEDIA
Ertzaintzak hiru gizonezko atxilotu ditu azken orduetan Bilbon eta Donostian eraso bana leporatuta. Larrienean, Bilboko San Frantzisko auzoan bart gertatutakoan, gizonezko batek labankada eman dio beste bati bularraldean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bi ohar kaleratu ditu gertakarion berri emateko. Lehenengoan, Bizkaiko hiriburuan jazotako bi erasoren berri ematen du; bigarrenean, Donostian izandako baten berri.
Ertzaintzako agenteek 48 urteko gizon bat atxilotu dute goizaldean, 01:00etan, Bilboko San Frantzisko auzoko ostalaritza-establezimendu batean beste bati labanaz eraso egiteagatik.
Tabernara hurbildutako ertzainek lokalaren kanpoaldean topatu dute biktima, bularraldean zauria zuela. Hainbat pertsona ari ziren zauria ixten saiatzen. Osasun zerbitzuek zauritutakoa egonkortu eta Gurutzetako Ospitalera eraman dute segituan.
Ustezko erasotzailea establezimendu barruan aurkitu dute agenteek, atzeko aldean, edari-kaxen artean ezkutatu nahian. Biktima zauritzeko erabili duen labana ere bertan topatu dute. Homizidio ahalegin delitua egotzita, atxilotu dute.
Bestalde, atzo arratsaldeko azken orduan, 47 urteko beste gizon bat atxilotu zuten Basurtu auzoan, hori ere Bilbon, beste pertsona bati jipoia eman eta larri zauritzea egotzita.
Aipatu auzoko joko areto baten kanpoaldean topatu zuten agenteek biktima. Hainbat zauri zituela eta orkatila hautsita izan zezakeela egiaztatu zuten. Lehen arreta baten ostean, erietxera eraman zuten gizona.
Bien bitartean agenteek ingurua miatu zuten, eta handik gutxira aurkitu zuten ustezko erasotzailea. Zegozkion frogaketak egin ondoren, lesio delitua leporatuta atxilotu zuten.
Donostian, azkenik, 23 urteko gizonezko bat atxilotu dute bart ostalaritza establezimendu bateko segurtasunaren arduradunak arma zuri batekin mehatxatzea leporatuta, arazoak sortzeagatik lokaletik kanpora bota dutenean. Erasotzailearekin zegoen beste pertsona bat ere hartu dute atxilo atentatuaren delitua leporatuta, esku hartzen ari zen patruila bateko kideei eraso egin ondoren.
Gertakaria 03:00etan jazo da Gros auzoko taberna batean. Bezero batek beste bati eraso egin diola eta lokaleko segurtasunaren arduradunak labana batekin mehatxatu dituela eta, Ertzaintzari abisua eman zaio.
Lokaleko atezainek agenteei adierazi dietenez, une horretan lekutik ihesi zihoan gizona zen mehatxuka ibili dena. Agenteak susmagarriaren atzetik abiatu dira, eta horrek ez die inolako jaramonik egin eta, gainera, jarrera agresiboa izan du. Agenteek azkenean lortu dute gizona inguruko kale batean atzematea.
Bestalde, erasotzailearekin batera zegoen beste pertsona bat ere arrastatu dute, behin eta berriz mehatxatu baititu jarduketan esku hartzen ari zen patruilako agenteak, eta une batean jo ere egin ditu.