Gizartea -
POLONIA
Pablo Gonzalezen senide eta lagunek sinadura kanpaina abiatu dute bere eskubideak errespetatzea eskatzeko
Euskal kazetaria duela 50 egun atxilotu zuten Polonian, Ukrainako mugatik gertu, eta ordutik inkomunikatuta eta laguntza legalik gabe dago.
EITB MEDIA
Gaur duela 50 egun Pablo Gonzalez euskal kazetaria atxilotu zuten Polonian, Ukrainako mugatik gertu, gerraren eta horren ondorioen inguruan informatzen ari zenean. Testuinguru horretan, senide eta lagunek sinadurak biltzeko kanpaina hasi dute change.org plataforman bere eskubideak errespetatu daitezela eskatzeko. Izan ere, atxilotuta, inkomunikatuta eta laguntza legalik gabe jarraitzen du.
Pablo Gonzalez kazetariari maiatzaren 29ra arteko behin-behineko espetxealdia ezarri diote Polonian, Errusiarentzat espiatzen aritu izana egotzita. Kanpainaren sustatzaileek azpimarratu dutenez, Poloniak orain arte euskal kazetariaren aurka aurkeztutako frogak "zirkunstantzialak" dira eta guztiak bere jatorriarekin daude lotuta.
Pablo Gonzalez Moskun (Errusia) jaio zen. Aita errusiarra du eta ama, Errusian jaioa, 1936an Gerra Zibila hasi ondoren Errusiara bidali zituzten milaka haurretako baten alaba da. Gurasoak banandu zirenean, Pablo Gonzalez amarekin Euskal Herrira joan zen bizitzera. Dena dela, bi pasaporteak mantendu ditu: errusiarra eta espainiarra. Lehenengoan, Pavel Alekseevich Rubtsov da; Pablo Gonzalez (errusierazko izenaren itzulpena eta bere amaren aldeko aitonaren abizena).
Hona hemen Pablo Gonzalezen senide eta lagunek egiten dituzten eskaeretako batzuk:
- Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroari eta Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroari Pablo Gonzalezi laguntzeko eskatu diete, Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunak eta NBEko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak jasotzen duten bezala.
- Inkomunikazioarekin amaitzea.
- Lege-aholkularitza ematea, eta berak izendatutako abokatuarekin komunikazioa bermatzea bere defentsa prestatu ahal izateko.
- Emaztearekin, seme-alabekin eta gurasoekin telefonoz hitz egin ahal izatea.
- Errugabetasun presuntzioa errespetatzea.