Gizartea -
KORONABIRUSA
Ordu gutxi geratzen dira maskarak eremu itxietatik desagertzeko
Apirilaren 20tik aurrera, osasun-zentroetan, zentro soziosanitarioetan eta garraio publikoan bakarrik izango da derrigorrezkoa musukoa janztea.
EITB MEDIA
Hasi da maskararen derrigortasunaren atzera kontaketa Espainiar Estatuan. Apirilaren 20tik aurrera ez da derrigorrezkoa izango musukoa eremu itxietan erabiltzea.
Edonola ere, araudi berriak baditu salbuespenak eta maskara janztea nahitaezkoa izango da zenbait eremutan: osasun-zentroetan, zentro soziosanitarioetan eta garraio publikoan.
Gainera, musukoa beste hainbat eremutan erabiltzen jarraitzea gomendatu dute agintariek:
- Lan-eremuan, baldin eta lana pertsona arteko 1,5 metrotik beherako distantzian egin behar bada eta ezin bada espazioaren aireztapen egokia bermatu. Dena dela, musukoa lan-zentroetan nola erabiliko den prebentzioko zerbitzuek erabakiko dute.
- Jendea pilatzen den erabilera publikoko eremu itxietan, hala nola merkataritza-zentroetan, supermerkatuetan edo saltoki txikietan.
- Jendeak jan eta edan gabe denbora ematen duten espazio itxietan: zinemak, antzokiak, kontzertu-aretoak eta museoak.
- Pertsonak jaten eta edaten egoten diren eremu itxietan: tabernak, jatetxeak eta gaueko aisialdirako lokalak.
- Senideekin edo lagunekin eremu itxietan biltzean eta ospakizun pribatuetan.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Euskal Herriko Unibertsitateko epidemiologo, mikrobiologo eta immunologo den Begoña Diezek zaintza pertsonalizatua eskatu du. Bestalde, Gorka Orive Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia irakasle eta zientzialariak azaldu duenez, orain, munduko biztanleen % 60k txertoa jarrita duen honetan, oraindik txertorik ez duten garapen-bidean dauden herrialdeetako biztanleen % 40 horrengana iristea espero du.