Gizartea -
Gertakaria
Zaldi baten ostikadaz zauritutako mendizale bat erreskatatu dute Aizkorri-Aratz natur-parkean
77 urteko mendizaleak min handia zuen pelbis inguruan eta ezin zuen oinez egin. Ertzaintzaren helikopteroak Urbiara eraman du, eta ondoren Debagoieneko ospitalean artatu dute.
agentziak | eitb media
Larrialdi zerbitzuek zaldi baten ostikadaz zauritutako mendizale bat erreskatatu dute Aizkorri-Aratz parke naturalaren inguruan, izan ere, hezurren bat hautsita zuen eta ezin zuen oinez egin.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 15:30 pasatxo izan da ezbeharra, Urbiako ermitatik gertu, Aizkorri-Aratz natur-parkean, Arantzazun (Gipuzkoa). Zaurituarekin zihoan emakumeak deitu die larrialdi zerbitzuei, gizonak zaldi baten ostikada jaso duela eta oinez ezin zuela ibili ohartarazteko.
77 urtekoa da zauritua, eta pelbisean mina handia zuen. Ertzaintzaren helikoptero batek Urbiako zelaietara eraman du, osasun-zerbitzuek arta zezaten, baina azkenean Debagoieneko ospitalera eraman dute.