Gizartea -
Koronabirusa
Euskadik Estatuko araudia onartu arte itxarongo du ikastetxeetan musukoak kendu ala ez erabakitzeko
Nahiz eta Osasun ministroak ikastetxeetan maskarak jantzi beharko ez direla argi utzi, Aste Santuko oporretatik bueltan nola ekin azalduko die Hezkuntza Sailak zentroei.
Agentziak | EiTB Media
Barrualdean, esparru gehienetan, musukoaren erabilera kenduko duen araudiari itxarotea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, Aste Santuko oporralditik bueltan Euskadiko hezkuntza zentroetan maskara kendu ala ez erabakitzeko.
Ministroen Kontseiluak araudia onartuko du datorren asteartean, eta biharamunean sartuko da indarrean, apirilaren 20an. Egun horretatik aurrera musukoak derrigorrezkoa izateari utziko dio barrualdean, osasun zentroetan eta garraio publikoan salbu.
Nahiz eta Carolina Darias Osasun ministroak ikastetxeetan maskarak jantzi beharko ez direla argi utzi, Hezkuntza Saileko iturriek jakitera eman dutenez, egoera Osasun Sailarekin batera aztertzen ari dira, eta Aste Santuko oporretatik bueltan nola ekin azalduko diete zentroei, Estatuko arauaren xehetasunak ezagutu ondoren.
Euskal Autonomia Erkidegoan, ikasle gehienak apirilaren 25ean itzuliko dira eskolara, baina Araban apirilaren 28an San Prudentzio ospatzen denez, ikastetxe askok atsedenaldia maiatzaren 1era are luzatuko dute, eta ateak berriz zabalduko dituzte biharamunean, maiatzaren 2an, alegia.
Katalunian, aldiz, neurriak zehaztu dituzte erakundeek dagoeneko. Zentzu horretan, Generalitateak ebazpen bat argitaratuko du ostegun honetan, apirilaren 19an Lehen eta Bigarren Hezkuntzako zentroetatik musukoa kentzeko, Estatuko araudia indarrean sartu baino egun bat lehenago.
Osakidetzaren zirkularra
Estatuko araudiaren zain, Osakidetzak ikastetxeei eta institutuei zirkularra bidali die. Gogorarazi duenez, pandemia "trantsizio" fase batean sartu da, "immunitate maila handiagatik". Orain zaintza eta arreta pertsona zaurgarrietan (60 urtez gorakoak, haurdunak eta immunodepresioa duten pertsonak) jarri dute.
Osakidetzak zehaztu duenez, hezkuntza zentroak "ez dira esparru zaurgarriak"; ondorioz, ez dute "salbuespen neurririk" aplikatuko, besteak beste, baheketak.
Horrela, covid-19 sintomak dituen edo proba diagnostiko batean positibo eman duen ikasle batek ez du "isolamendu zorrotzik" bete beharko, baina "beste prozesu eta arnas gaixotasunetan bezalaxe" ez da eskolara joango "sintoma biziak" dituen bitartean.
Sintomak baldin badituzte, ondorengo 10 egunetan zehar prebentzio neurriak areagotzeko gomendioa eman du Osakidetzak, maskara etengabe eta "zorrotz" erabiliz, eskuak garbituz, zaurgarriekin harremana saihestuz eta ekitaldi jendetsuetan ez parte hartuz.