Gizartea -
Aste Santuko irteera-operazioa
509.000 desplazamendu espero ditu Trafiko Zuzendaritzak, pandemia aurreko joan-etorri kopurua berreskuratuta
Gaur 15:00etan abiatuko da irteera-operazioa eta gaur eta bihar goizean espero da trafiko gehien. Arretaz gidatzeko dei egin dute, istripuak eta biktimak egotea saihesteko.
O .P. | EITB Media
Gaur asteazkena, 15:00etan abiatuko da Eusko Jaurlaritzaren Aste Santuko irteera operazioa.
Azken bi urteetako aste santuetan mugikortasun murrizketak izan ondotik, oraingo honetan, 2019ko zifretara iristea espero da. 509.000 desplazamentu aurreikusi ditu Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaritzak, hau da, pandemia aurreko joan-etorri bolumena. Jaurlaritzak ez daki, baina, erregaien prezioak eraginik izango ote duen joan-etorrietan.
Hala azaldu du Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Diaz de Corcuerak Lopidanako zerbitzugunean kokatutako Ertzaintzaren trafikoa zaintzeko gunean emandako prentsaurrekoan.
Asteazken arratsaldean eta ostegun goizean espero da trafiko mugimendu handiena, baita astelehenean ere, egun osoan zehar.
Gogoratu du azken hamarkadan 2012an eta 2019an izan zirela hildakoak Aste Santuan. Horregatik, kontu handiz gidatzeko dei egin du, istripuak eta biktimak saihesteko.
Arretaz gidatzeko gomendio orokorraz gain, ohartarazi du irteera-itzulera operazio honetan zenbait arreta-puntu berezi izango direla, sor daitezken pilaketa eta arazoak direla medio.
Hala, Corcuerak euskal errepideetako puntu kritikoak zerrendatu ditu.
- A8 autobidea Kantabriarekiko mugan
- AP-8 autobidea Biriatuko ordainlekuan,
- AP1 autobidearen eta A1 errepidearen arteko lotunea, Armiñongo ordainlekuan.