Gizartea -
EPAIKETA
Hiru urteko kartzela zigorra onartu du Agorretan txirrindulari bat harrapatu eta hil zuen gidariak
Aldeek akordioa lortu dute eta ez da espetxean sartuko. Bost minutu iraun duen epaiketan, 80 urteko gizonak barkamena eskatu dio Carlos Miranda zenaren familiari.
EITB MEDIA
Duela ia hiru urte Agorretan gertaturiko harrapatzeari buruzko epaiketa egin dute gaur goizean Iruñeko Auzitegiko 1. Zigor Aretoan. 2019ko ekainaren 4an, auto batek txirrindulari bat harrapatu zuen N-135 errepidean eta 80 urteko gidariak istripuaren tokitik ihes egin zuen. Carlos Miranda, 42 urteko gizona, ospitalean hil zen.
Aldeek akordioa lortu dute eta auzi saioak bost minutu eskas iraun ditu. Javier Asiain defentsaren abokatuak EITB Mediari azaldu dionez, bere bezeroak 40 hilabeteko espetxe zigorra onartu du, 22 hilabetekoa zuhurtziagabekeriazko giza hilketatik, eta 18 hilabetekoa istripuaren lekutik alde egiteagatik. Hala ere, kondenatua ez da kartzelan sartuko beti ere hiru urteko epean deliturik egiten ez badu eta ezarri zaion isuna ordaintzen badu.
Gaurko epaiketan, kondenatuak barkamena eskatu dio hildakoaren familiari.
Halaber, 80 urteko gizonak kalte ordaina emango die alargunari eta bi semeei, eragindako kalteagatik.