Gizartea -

EPAIKETA

Cabezudok bere aurkako konplota izan dela berretsi du eta akusazio guztiak ukatu ditu

Argazkilari donostiarraren esanetan, salatu zuten modeloek euren borondatez, adostasunez eta libreki egin zituzten argazki-saio guztiak. Akusazioek, baina, delitu larrienak frogatutzat jo dituzte, tartean sexu gehiegikeria eta haur pornografia.

Foto del juicio contra Kote Cabezudo
Foto del juicio contra Kote Cabezudo
Foto del juicio contra Kote Cabezudo

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kote Cabezudoren aurkako epaiketan bere aurkako akusazio guztiak ukatu ditu, beste behin, argazkilari donostiarrak. Are gehiago, bere aurkako konplota dela berretsi du. Gaineratu duenez, salatu zuten modeloek "euren borondatez, adostasunez eta libreki" egin zituzten argazki-saio guztiak.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegian egin den azken auzi-saioan akusatuak hartu du hitza, eta aurretik egin moduan, leporatu dizkioten delitu guztiak ukatu ditu. Lekuko batzuk epaiketara "ondo ikasita" etorri direla eta "gezurretan aritu direla" adierazi du, "gertatu ez diren gauzak" kontatu dituztelako. Argazki saioetan gertatzen zena modeloek onartuta egiten zela nabarmendu du, baina orain egin zituen gauza batzuk "ez zituela egingo" erantsi du.

Dena dela, modeloek inoiz ez dutela nahi ez duten ezer egin, eta, beraz, sexu-gehiegikaririk ez zela izan esan du: "Zaldi bat ibai batera eraman dezakezu ura edatera, baina zaldiak edan nahi ez badu, ezin duzu behartu", esan du.

Gaurko auzi saioan Cabezudoren defentsak ere hitz egin du, bere azken txostena aurkeztu baitu. Horrek ere ez du bere ikuspegia aldatu eta akusatua absolbitzeko eskatu du. Akusazioek delitu larrienak frogatutzat jo badituzte ere, tartean sexu gehiegikeria eta haur pornografia, argazkilari donostiarra errugabea dela defendatu du Javier Sanchez defentsarako abokatuak.

Kasu guztietan emakumeen borondatea zegoela azaldu du: modeloek bazekiten nolako irudiak aterako zituzten eta inork ez zuen inoiz aurkakorik esan, ezta bideoetan harreman sexualak ikusten ziren irudi horietan ere. "Emakumeak ziren Cabezudorekin harremanetan jartzen zirenak. Emakume horiek askatasunez eta borondatez joaten ziren argazkilariarengana", esan du.

Aitortu duenez, bideo edo argazki batzuk pornografia dira, baina beti emakume helduekin egindakoak. Horren esanetan, modelo horiek bazekiten era horretako grabazioak egingo zirela.

Mario Diez, akusazio partikularreko abokatuak, baina, argi du: Auziperatuak hiru hamarkadatan argazkilaritza tresna gisa erabaili du benetako helburua lortzeko, hau da, sexu-gehiegikeriak egiteko. Horren aburuz, akusazio partikularrak ordezkatu dituen 16 emakumeren kasuan gauzatu ziren gehiegikeria horiek, epaitegian erakutsi dituzten bideo eta argazkiekin frogatuta geratu da.

Are gehiago, haur pornografia ere sortu zuen Cabezudok, auzibidea hasitako modeloen erdia adingabea baitzen irudiak grabatu zituenean. Babesik eza, presioa eta beldurra ere izan dute emakumeek, Cabezudo erabat babestuta ikusi zutelako. Abokatuaren arabera, Cabezudoren agentziak itxuraz zuen profesionaltasuna eta izen ona erabiltzen zuen, modelo izateko ametsa zuten neskak erakartzeko. Iruzurra egiten ziela ere salatu du.  

Delitu guztiak batuta, ia 2.700 urteko espetxe zigorra eskatu du akusazio partikularrak. Fiskalak, berriz, 250 urteko espetxe zigorrari eutsi dio. Epai-zai geratu da Kote Cabezudo argazkilariaren aurkako epaiketa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia albisteak Albisteak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea