Gizartea -

EPAIKETA

Cabezudoren helburua, argazkiak ateratzea baino gehiago, "sexu-abusuak egitea" zen, akusazioaren arabera

Mario Diaz abokatuak adierazi duenez, neskek, argazkilariarekin kontratu bat sinatzen zutenean, "deabruari saltzen zioten arima". Horren hitzetan, emakumeak izututa bizi ziren, baina "jasan beste aukerarik ez zuten".

Kote Cabezudoren aurkako epaiketa
Kote Cabezudoren aurkako epaiketa
Kote Cabezudoren aurkako epaiketa

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mario Diaz abokatuak astearte honetan adierazi duenez, argazkilari donostiarraren "helburua ez zen bere modeloei argazkiak ateratzea, sexu-abusuak egitea baizik". Hala, Diazen ustez, neskek argazkilari donostiarrarekin kontratua sinatzen zutenean, "arima deabruari saltzen zioten".

Kote Cabezudoren epaiketan akusazio partikularrak ondorioen txostena aurkeztu du. 16 neska ordezkatzen dituen abokatuak eutsi dio ia 2.700 urteko espetxe zigor eskariari. Akusazioak dio sexu gehiegikeriak eta haur pornografia frogatu dituztela auzian zehar ikusitako bideo eta argazkietan. Biktimak babes gabe sentitu direla Cabezudok bere burua babesteko inpunitate sarea eraikia zuelako.

Hiru hamarkadatan jokaera beretsua izan du argazkilariak, Diazen arabera: modeloei kontratua sinarazten zizkien, euren irudi eskubideez jabetzen zen, eta, ondoren, ateratako irudi esplizituekin mehatxu egiten zien benetako helburua lortzeko; sexu gehiegikeriak egitea. "Baziren astean bi aldiz Cabezudoren estudiora joan behar izaten zuten neskak", azaldu du.

Bideo horietan jasota daude abusu horietako asko, baina askoz gehiago izan zirela dio akusazio partikularrak, eta erantsi du emakumeek Cabezudo erabat babestuta ikusten zutela. "Emakume horiek izututa bizi ziren, irudi horiek denok elkar ezagutzen dugun inguru batean" zabalduko ote ziren beldurrez. "Jasan beste aukerarik ez zuten, bizitza izorratu ziezaiekeelako", esan du. Akusazioaren arabera, argazkilariaren helburua ez zen argazkiak egitea, sexu-abusuak egitea baizik.

Fiskalak astelehen honetan emandako azken alegatuaren ondoren (argazkilaria zigortzeko "mota guztietako ebidentzia nahikoak" daudela adierazi zuen), Mario Diezek honako hau nabarmendu du gaurko auzi-saioan: "Bere estatusa aprobetxatuz, modelo gisa beren ibilbidean hazteko aukera ikusten zuten neskekin harreman sexualak izateko aprobetxatu zuen argazkilari baten istorioa da hau".

Cabezudoren defentsak denbora gehiago eskatu zuen fiskalak eskaera luzatu ondoren auzia hobeto prestatzeko, baina epaiketa astebetez etenda izan ostean, argazkilariaren abokatuak bere bezeroaren errugabetasuna berretsi du eta hasierako txostenari eutsi dio; izan ere, bere hitzetan, "argazkilari donostiarrak ez du inolako erantzukizun zibilik gertakarietan".

Dena ondo bidean, epaiketa asteazken honetan amaituko da, defentsaren txostenarekin eta akusatuari azken hitza erabiltzeko eskubidea eskainita. Gogoratu honek bere aurkako akusazio guztiak ukatu dituela epaiketan. Horren ondoren, epaiketa epaiaren zain geratuko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako informazioa Gizartea bideoak Gaurko titularrak Albisteak