Gizartea -
EPAIKETA
Kote Cabezudo zigortzeko "ebidentzia nahikoa" dagoela uste du fiskalak
Hala, aurretik esankoari eutsi dio: material pornografikoa osatu zuela akusatuak, eta ez erotikoa, eta irudi esplizitu horiek egiteko ez zuela modeloen baimenik izan. Are gehiago, modeloen material hori erabili zuela, sexu gehiegikeriak egiteko.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Jorge Bermudez Kote Cabezudo auziko fiskalaren ustez, Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren aurkako epaiketan "era guztietako ebidentzia argiak" daude auzipetua zigortzeko. Hala, orain arte esandakoa berretsi du: material pornografikoa osatu zuela akusatuak, eta ez erotikoa, eta irudi esplizitu horiek egiteko ez zuela modeloen baimenik izan. Are gehiago, modeloen material hori erabili zuela, sexu gehiegikeriak egiteko.
Bermudezek adierazi duenez, argazkilariak erabiltzen zuen "patroia" bera zen kasu guztietan; izan ere, auzipetuak "pixkanaka-pixkanaka" espiral moduko batean sartzen zituen neskak. Hasiera batean argazkiak ez ziren oso esplizituak izaten, baina argazki-sesio gehiago egin ahala, horiek gero eta esplizituagoak izaten ziren.
Hala, fiskalararen arabera, aurrez grabatuta zituen bideoak erakustearekin presio egin zien Cabezudok emakumeei, sexu-harremanak behartzeko. Horrek eraman zuen, modeloetako bat, heroina kontsumora. Beste askoren kasuan, ondorio psikologikoak utzi dituela gogoratu du fiskalak. 250 urteko espetxe zigorrari eutsi dio.
"Gutxitan aurkituko dugu horrelako froga-bilduma handirik, eta, aitzitik, gutxitan izango dugu gure aurrean akusatuaren aldetik hain funtsik gabeko defentsa", azpimarratu du fiskalak.
Defensaren eskaria aintzat hartuz, astebetez etenda izan da Cabezudoren aurkako epaiketa. Argazkilariaren abokatuek denbora gehiago eskatu zuten, auzia hobeto prestatzeko; izan ere, Fiskalak bere kalifikazioa aldatu eta espetxe zigor eskaera handitu du, frogatutzat eman baita gutxienez 8 bortxaketa egin zituela, leporatzen dizkioten gainerako delituez gain. Hori dela medio, defentsak estrategia moldatu nahi zuen. Epea amaituta, baina, Cabezudo errugabea dela berretsi du defentsak, eta hasierako txostena bere horretan utzi du.
Bihar aurkeztuko ditu azken ondorioak akusazio partikularrak baina aurreratu du ia 2.700 urteko kartzelaratzea eskatuko duela. Ezustekorik ez bada, asteazkenean hartuko du hitza Kote Cabezudok berak. Gogoratu bere aurkako salaketa guztiak ukatu dituela honek.
Aste honetan epaiaren zai geldituko da argazkilari donostiarraren aurkako auzia. Gogoratu 16 emakumeri ustez egin zizkion sexu gehiegikeria eta iruzur delituak argitzeko epaitu dutela.