Gizartea -
Bilbo
Omenaldi hunkigarria eta justizia eskaera, Iñigo Cabacasen heriotzaren 10. urteurrenean
Manu eta Fina gurasoek justizia eza salatu dute berriz, Gorenaren ebazpenaren aurkako helegitea Europako auzitegitara eraman ostean. Izan ere, Espainiako Estatuan Justiziak ez du tiroaren egilea identifikatzea lortu.
eitb media
Familiak, lagunek eta bere omenez sortutako plataformak omenaldi hunkigarria egin diote Iñigo Cabacasi, Athleticen partida baten ostean Ertzaintzaren pilotakada batek jota hil zela 10 urte bete direnean.
Athleticen jarraitzailea hil zen Maria Diaz de Haroko plazan egindako omenaldian parte hartu dute ehunka lagunek, tartean Iñigo Cabacasen gurasoek, Manuk eta Finak, eta justiziaren eskaera berretsi dute, Gorenak baieztatutako ebazpenaren aurkako helegitea auzitegi europarrean sartu ostean.
Izan ere, Justizia lortzeko bide guztiak agortzear, gaztearen falta leundu ezinik da familia; eta sufrimenduaren aringarri bakarra jendearen berotasuna dute. Hala, alboan izan dituzten guzti horiei eskerrak emateko baliatu dute urteurreneko omenaldia. Oier Amorrortu Cabacasen lehengusuak aletu ditu zorigaiztoak sorrarazi dizkion bizipenak, baita auziaren egungo egoera ere, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean.
Hala, gorabehera ugariren ostean justiziaren bidea itxita da Espainiar Estatuan. Ertzain bati bete beharko ez duen bi urteko espetxe zigorra ezarri zitzaion, gainontzekoak absolbitu egin zituen sententziak, eta familiak europar auzitegietara jo du. Abenduan jakin zen, bestalde, Ertzaintzak ere barne ikerketa itxi egin duela. Erakundeen jarrera gogor salatu du behin eta berriz sendiak.
"Benetako justizia eraginkorra nolabait egikaritzeko zain jarraitzen dugu", adierazi du Manu Cabacasek. Gainera, esan du Bizkaiko Auzitegian "gezurra" esan zuten ertzainek nazioarteko auzitegietara joan beharko dutela orain.
Guztira sei izan ziren epaitu zituzten ertzainak (ofizial bat, bi azpiofizial eta hiru agente eskopetazale), eta soilik polizia operazioan maila altuena zuen agentea zigortu dute. Auzitegia ez zen 28 urteko gaztea hil zuen pilotakada jaurti zuen ertzaina identifikatzeko gai izan.
Bestalde, Shalke 04 talde alemaniarraren aurkako partidaren ostean hil zen athleticzalearen omenezko plaka bat jarri dute hil zen lekuan bertan, plazari bere izena emateko asmoz.