Gizartea -
KORONABIRUSA
Apirilaren 20tik aurrera maskarak ez dira barrualdean derrigorrezko izango
Espainiako Gobernuak erabaki du Aste Santuko oporren ostean arinduko duela musukoaren erabilera. Hala ere, maskara nahitaezkoa izango da oraindik osasun-zentroetan, zentro soziosanitarioetan eta garraio publikoan.
EITB MEDIA
Musukoa ez da derrigorrezkoa izango barnealdeetan apirilaren 20tik aurrera, hau da, Aste Santuko jaiegunen ostean, Carlina Darias Osasun ministroak Lurraldearteko Osasun Batzordearen ondotik iragarri duenez. Bezperan, hilaren 19an, onartuko du arau berria Ministroen Kontseiluak.
Edonola ere, maskara nahitaezkoa izango da pertsona zuargarriak egon daitezkeen eremuetan: osasun-zentroetan, zentro soziosanitarioetan eta garraio publikoan.
Osasun zentroetako eta adinekoen egoitzetako langileek musukoa erabiltzen jarraitu beharko dute, baina egoiliarrak salbuetsita egongo dira, beste pertsona batzuekin konpartitutako eremuetan izan ezik.
Garraioan ere beharrezkoa izango da musukoa. Alabaina, dekretu berria argitaratzen dutenean zehaztuko dituzte zeintzuk izango diren baldintzak.
Ikastetxeetan jada ez dute maskararik erabiliko, egoera zaurgarrian egon daitezkeen irakasleei jartzea gomendatuko bazaie ere.
Lan-zentroetan, berriz, laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuek erabakiko dute nola jokatu aurrerantzean. Hala ere, agintariek maskara erabiltzea aholkatu dute, baldin eta lana pertsona arteko 1,5 metrotik beherako distantzian egin behar bada eta ezin bada espazioaren aireztapen egokia bermatu.
Erabilera publikoko espazio itxietan ere musukoa erabiltzea gomendatu dute, hala nola saltokietan (merkataritza-zentroak, supermerkatuak edo saltoki txikiak); pertsonak jan eta edan gabe denbora ematen duten eremu itxietan (zinemak, antzokiak, kontzertu-aretoak eta museoak); eta pertsonak jaten eta edaten denbora batez egoten diren espazio itxietan (tabernak, jatetxeak eta gaueko aisialdirako lokalak).
Horrez gain, familia-ingurunean, lagunen bileretan eta ospakizun pribatuetan ere aholkatu dute maskararen erabilera.
Arratsaldean egindako agerraldian, Carolina Dariasek esan du "pandemiaren egoeraren arabera" hartu dituztela beti erabakiak, eta erantsi du "immunitate-maila oso altua delako eta osasun egoera ona delako" arindu dutela orain musukoaren erabilera.
Euskal Autonomia Erkidegoak bat egin du proposamenarekin, baina Gotzone Sagardui Osasun sailburuak bere desadostasuna agertu du dokumentua Lurraldearteko Kontseiluari helarazteko moduari dagokionez; izan ere, "behin betikotzat eman da Alerten Ponentzian egindako zirriborroa, lehenago autonomia-erkidegoetara bidali gabe eta atzo egindako Osasun Publikoaren Batzordetik igaro gabe".