Gizartea -

Koronabirusa

Pandemiaren adierazle guztiak hobetu dira, baina heriotzak 22ra igo dira

Astebete lehenago baino lau heriotza gehiago dira. Hala ere, intzidentzia metatuak, R0 indizeak eta ZIUetako gaixoen kopuruak behera egin dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko ospitale bateko ZIU bat. Argazkia: EFE.
Euskal Autonomia Erkidegoko ospitale bateko ZIU bat
Euskal Autonomia Erkidegoko ospitale bateko ZIU bat. Argazkia: EFE.

Naiara Ballesteros | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

22 lagun hil dira martxoaren 28a eta apirilaren 3a bitartean Euskal Autonomia Erkidegoan covid-19ak jota, aurreko astean baino lau pertsona gehiago. Pandemiaren bilakaeraren gainerako adierazleek hobera egin dute Euskadin.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan zabaldutako azken buletin epidemiologikoak, martxoaren 28tik apirilaren 3ra bitarteko datuak biltzen dituenak, jaso duenez, EAEn 3.222 covid kasu erregistratu dituzte aste horretan, hau da, duela zazpi eguneko asteko kasuak baino 1.861 gutxiago. Horietatik 186 azken jardunaldiari dagozkio, aurreko hilabetetik izandako kopururik txikiena.

Positibotasun tasa, bestalde, % 9,4ra jaitsi da, eta duela hiru hilabete baino gehiago ez zen ematen datu hori.

Horrela, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak behera egin du, eta, zehazki, 377,55 kasukoa da aste honetan (duela zazpi eguneko 481,38 puntuen aldean).

Araban bakarrik dago 400 kasutik gora, 100.000 biztanleko 14 eguneko 413,98 erregistratu baitituzte. Bizkaiak beherago jarraitzen du, 373,09rekin, eta Gipuzkoan 359,35eraino murriztu da.

Zazpi eguneko intzidentzia metatuak, epe laburreko bilakaera markatzen duenak, 146,47koa da jada.

Bestalde, oinarrizko birsorkuntza-tasa (R0), gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, %  0,79koa da erkidego mailan.

Arabak du adierazlerik baxuena, 0,79koa, Bizkaian 0,77koa da eta Gipuzkoan 0,81ekoa.

Azkenik, ospitaleetako egoerari dagokionez, 130 pertsona daude gela arruntetan covid-19ak jota, duela astebete (158) baino pertsona gutxiago. Zainketa Intentsiboetako Unitateetan, berriz, gaixotasun hori zuten 16 pertsona zeuden duela astebete, eta 12, berriz, igande honetan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Osasun larrialdia Covid pasaportea