Gizartea -
epaiketa
Kote Cabezudoren aurkako epaiketa astebetez eten da
Apirilaren 11n jarraituko dute epaiketarekin. Fiskalak pasa den astean egin moduan, akusazio partikularrak ere handitu du zigorra. Ondorioz, epaitu diren gertaerak aldatzen direla ulertu du defentsak eta denbora gehiago eskatu du ondorioak prestatzeko.
EITB MEDIA
Kote Cabezudoren aurkako gaurko auzi-saioan epaiketa astebetez etetea erabaki dute. Fiskalak pasa den astean egin moduan, akusazio partikularrak ere handitu egin du zigor-eskaria. 239 espetxe urte gehiago jasoko du akusazioak bere azken txostenean. Eskaria handitzearekin, epaitu diren gertaerak aldatzen direla ulertu du defentsak eta denbora gehiago eskatu du ondorioak prestatzeko. Beraz, apirilaren 11n jarraituko dute epaiketarekin.
Epaiketa bertan behera utzi eta prozesua hasieratik hasteko eskatu du Cabezudoren defentsak. Epaimahaiak ez du onartu baina defentsak argudiatutakoari kasu eginez, astebetez etetea erabaki du.
Fiskalak leporatu dizkion zortzi bortxaketa berriekin, epaitutakoa aldatzen dela uste du defentsak eta denbora gehiago behar duela azken ondorioak prestatzeko azaldu du gaurko auzi-saioan. Iragan astean fiskalak bikoiztu egin zuen zigor-eskaria; 250eko espetxeratzea eskatzen du, auzi-prozesuan sexu delitu larri gehiago frogatu direlako. Orain, Mario Diez 14 emakumeren akusazioa daraman abokatuak ere handitu egin du eskaria.
Haurrak galbideratzeko delituen kalifikazioa moldatu du akusazioak eta, horren ondorioz, espetxeratze eskaria 2.627 urtera igo du.
Apirilaren 11n ekingo diote, berriz ere, epaiketari. Defentsak azken ondorioak aurkeztuko ditu eta akusatuak hitza hartzeko aukera izango du. Datorren astean ere Cabezudoren egoera prozesala aztertu beharko dute; izan ere, maiatzaren hasieran amaituko du lau urteko behin behineko espetxealdia.